Euskal Memoria Fundazioak dokumentazio gune fisiko eta birtuala abian jarri ditu. Ikerketa lanetan bildutako dokumentazioa nahiz herritarrek emandakoa jaso eta eskuragarri jarriko dute sarean.
Euskal Memoria Fundazioa 2009ko azaroan abian jarri zuten alderdi eta sentsibilitate anitzeko hainbat taldek eta norbanakok, euskal memoria berreskuratu eta berreraikitzeko xede agertu zuten arduradunek. Horretarako bi konpromiso hartu zituzten, batetik, memoriarekin lotutako datuak, irudiak nahiz testigantzak jasotzea; eta bestetik, bildutako informazioa herritarren eskura jartzea. Asmo horiek gauzatzeko bidean pauso berria eman zuten atzo. Izan ere, Fundazioko lehendakari Iñaki Egañak eta Arantxa Erasun kideak Egiako Ametzagaña kaleko 19an dagoen dokumentazio gunea eta webgunea aurkeztu baitzituzten.
Erbesteratu, kartzelan egondakoak, kontzentrazio esparruetan izandakoak, torturatuak edota hil zituzten 250.000 euskal herritarren izenak biltzen ditu
www.euskalmemoria.com webguneak. Aste honetan bertan erabilgarri izango den gunean, azken zazpi hamarkadetan «zauritua» izandako lagun bakoitzaren fitxa aurki daiteke, batzuk besteak baino osatuagoak. Horiek Gernikako seme-alabak monografiarako egindako ikerketa lanaren emaitza dira. Webgunean izateaz gain, bildutako eduki guztia dokumentazio gune berrian ere eskuragarri dago; Frankismoko lehen hamarkadei buruzko informazioarekin batera.
Hartu eta eman
«Biltzen ari gara, memoria berreraikitzen ari gara, zabaldu nahi dugulako. Gure iraganaren jabe izateko tresnak eman nahi ditugu», laburbildu zuen Erasunek. Xede hori lortzeko abiapuntua besterik ez da webgunearen egungo edukia, dokumentazioaren isla birtuala izatea nahi baitute. Gutxika, dokumentazio gunean edukiak… sailkatu, digitalizatu eta behar duen edonoren eskura jarriko dituzte. Egañak zehaztu bezala, «ez dugu artxibo bokazioa, nahi duenaren eskura jartzearena, baizik».
Zabaltzeko eta ezagutzeko tresna izateaz gain, osatzeko bidea ere bada; edonork ekarpenak egiteko aukera izango baitu. Hori horrela, «gure historia guk idazteko beharra eta nahia dugula uste duten guztiei dinamikan parte hartzeko» eskatu zien Erasunek.
Biktima guztien memoria
1936ko gerrari nahiz frankismoari dagozkien garaietan gertatu zen bezala, historia atzerapenarekin egin behar izatea saihestu nahi dute Fundazioko kideek. «Herri baten etorkizuna iraganarekin eta orainarekin egiten da. Iraganaren zati bat lapurtzen badigute, etorkizuna baldintzatuta dago», gogoratu zuen Egañak. Historialariaren hitzetan, Euskal Herriko biktimek ezagutza izan badute ere, estatuek ez diete egiarik, justiziarik ezta ordaintzarik ere eman. «Gogoan izan behar da, azken 50 urteetan 467 euskal herritan hil direla kontroletan metrailatuta, exekuzio estrajudizialetan, dispertsioko istripuetan, polizia ekintzetan…». Azken aldiko patroiak aurretik ere eman ziren erakusgarri, Julian Zugazabeitia edo Rikardo Zabalza, Jesus Larrañaga, Jesus Zabala, Txiki Otaegi, Santi Brouard aipatu zituen Egañak.
1936tik 1975 artekoa errepresioaren azterketa izango da hurrengo analisiaren iparrorratza. Proiektu hauen bidez biktima guztiak kontuan hartzerakoan gertatzen den desoreka gainditzeko eta euskal biktimak berreskuratzeko balio izatea nahi dute. Bestalde, fFundazioko lehendakariak ekitaldia baliatu zuen azken asteetan bera buru duen erakundeak jasotako erasoak gaitzesteko. «Pluraltasuna lapurtu eta zer egin beharko genukeen esan nahi izan digute», eta memoria arma gisa erabiltzen den arren, «bakarra eta talde ondasuna» dela gogoratu zuen Egañak.