Olioa dastatzea da Enolia aretoaren berezitasunetako bat. (Argazkia: Mikel Goñi).
Bosgarren urtez jarraian bildu dira hainbat gutizia, ardo eta olio egile zein banatzaile Enolia aretoan. Profesionalei zuzenduriko ekimena den arren, ez dizkiete zaleei ateak ixten. Azken buruan, hauek baitira produktu horietarako bezeroak eta ikasteko gogo handiena aurkezten dutenak.
Donostian gastronomiaren inguruko ekitaldiak ohikoak diren arren, Enoliak bere toki berezia du hauen artean. Ardoa eta olioa oinarritzat dituen aretoa antolatzen duten bosgarren urtea da. Iaz baino postu gutxiago jarri dituzte aurten Maria Cristina hoteleko gela handian. Hala ere, Monica Campos antolatzaileak azaldu duenez, «ezin zaio egiteari utzi, bestela den-dena geldituko da. Beraz, txikiagoa izan arren, mantentzearen aldeko apustua egin dugu, zalantzarik gabe». Egun bakarreko ekimena da Enolia. eta eguerdi partean hasi dira hiriko ostalari, dendari eta zaleak postuak bisitatzen. Euskal Herriko beste lurraldeetatik zein Espainiatik ekarritako produktuak daude ikusgai eta, inportanteena, dastagai; horien artean olioa dela, jakin-min handiena pizten duena.
Antolatzailearekin zerikusia ez duen arren, abizen bera dauka Jaengo (Andaluzia) Antonio Camposek. Doña Victoria izeneko olioa ekarri du eta bere produktuaz harro azaltzen da. «Oso ona da. Gainera, olio ona, prezio altuagoa izanik ere, merke irteten da azkenean». Olio-egilearen esanetan, olio onak askoz aldi gehiagotan erabil daitezke gauzak frijitzeko. «Olioaren kultura falta da, nahiz eta Euskal Herrian gero eta gehiago dakien jendeak. Hala ere, zer ikasi asko gelditzen zaizue oraindik».
Antolatzaileek diotenez, tratuak egiteko tokia izateaz gain, ikasteko gunea ere izan nahi du Enoliak eta datorren urtean ere horrela izango dela aurreratu dute. Bien bitartean olioaz zertxobait ikasi beharko dute bisitariek; behinik behin, Camposen azterketa gainditzeko bezainbeste.
Ardoak dira, olioarekin batera, Enolian aurki daitezkeen produktu ugarienak. (Argazkia: Mikel Goñi).