AHTa eta trenbide arrunta bateratzea proposatu du Jesus Aristik
Trena izango da etorkizuneko garraiobide iraultzailea Donostian zein Gipuzkoan. Trenbidearen aukerak eta onurak gertutik aztertzen diharduten hainbat adituk Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako mintegian hartu dute parte, eta lurraldearentzat izan daitezkeen aukerarik aberasgarrienen inguruan aritu dira solasean.
Hizlarietako bat trenbide sareetan aditua den Jesus Aristi izan da. Aholkulariak, hain justu, Abiadura Handiko Trenak Donostian eta inguruan izan dezakeen eraldaketaren berri eman du. Orain arte mahai gainean dauden planteamenduak aldatzeko hainbat aholku eman ditu, halaber. XIX. mendean eraikitako Renfeko azpiegitura AHTarentzat baliatzea iradoki du Aristik.
Astigarragatik igaroko den AHTari Atotxaraino iritsiko den adarra sortzea proposatu zutenean, trenari bidea nondik egin dakiokeen zehazten duten planoak osatu zituzten. Aurreikuspen horien arabera, Zorroagako tunelaren ondoan, AHTari leku egiteko beste sarbide bat egitea aurreikusi dute. Behin Loiolako Erriberara iritsita, sei trenbidek egingo lukete bat inguru horretan, EuskoTrenekoak ere bertatik igarotzen direlako. Pilaketa hori «gehiegizkoa» izango dela uste du tren kontuetan aditua den Aristik.