Hamahiru euskal zinemagileri ahotsa eman die Mikel Garciak
Goenaga, Garaño, Medem edota Almandozen elkarrizketak bildu ditu ‘Zeluloidezko begiradak’ liburuan
Fernando Larruquert, Nestor Basterretxea, Antxon Ezeiza, Imanol Uribe, Montxo Armendariz, Juanba Berasategi, Helena Taberna, Julio Medem, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Hamahiru euskal zinemagile bildu ditu Mikel Garcia (Irun, 1980) kazetariak ‘Zeluloidezko begiradak’ liburuan. «Modu batera edo bestera, egin dituzten pelikulekin edo beraien estilo pertsonal eta bereziarekin, Euskal Herriko zinemaren bidean zinemagile garrantzitsuak izan direlako» hautatu ditu euskal zinemagile hauek.
Aipaturiko izen horien atzean daude ‘Ama Lur’, ‘Ke arteko egunak’, ‘Kalabaza tripontzia’, ‘Yoyes’, ‘Mikelen heriotza’, ‘Burgosko prozesua’, ‘Behiak’, ‘Euskal pilota. Larrua harriaren kontra’, ‘Tasio’, ’27 ordu’, ‘Ahate pasa’, ’80 egunean’ edota ‘Aupa Etxebeste! filmak. «Noski, bada kanpoan geratu den zuzendaririk, baina helburua ez zen denak biltzea, ez eta zinemaren errepaso historiko bat egitea, baizik eta euskal zinemaz eta zinemaz orohar hainbat ikuspegi jasotzea», aitortu du Garciak.
Egileen ibilbideaz eta zinemaz Ba al da euskal zinemarik? Gai zehatzak jorratu behar al ditu euskal zinemak? Zenbateraino baldintzatzen du hizkuntzak? Zinemaren inguruan hainbat galdera erantzun behar izan dituzte elkarrizketatuek. Haien sorkuntza lana ere izan dute hizpide: «zer gai jorratu dituzten eta nola, zein eragin izan duten pelikula horiek gizartean eta estreinatutako une historikoan, Euskal Herriko zinemagintzan…». Zuzendariaren begiradaz, hizkuntzaz eta bikoizketaz, zinemaren botereaz, umoreaz edo politikaz ere gogoeta egin dute.
Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten ‘Ama Lur’ filmarekin hasten da liburua. «Euskal zinema modernoaren abiapuntutzat hartzen den filma da. Zentsurarekin izandako arazoen inguruan hitz egin dute. Hamabi minutuko bobina bat grabatzen zuten bakoitzean, zentsoreekin bildu behar ziren gela ilun batean», kontatu du Garciak.
Frankismo garaiko zailtasunetatik, artisten bokazioa eta pasioraino: «Ahalko banu, egun guztiak pasako nituzke errodatzen. Ez duzu lorik egiten, tentsio handiko bolada da, baina droga gogorra dut», dio Imanol Uribek liburuan. Eta makina bat bitxikeria: Montxo Armendarizen ‘Historias del Kronen’ filmeko pertsonaia gazteek gizartean sortutako zalaparta eta harridura, Helena Tabernak ‘Yoyes’ ez filmatzeko jaso zituen presioak…
Tene Mujika beka lehiaketa irabazi zuen iaz Mikel Garciak, eta zinemazalea den aldetik «aitzakia ona iruditu zitzaidan proiektu hau aurkeztu eta zinema zuzendariekin zinemagintzaz eta haien pelikulez hitz egitea. Hori izan da nire helburua eta lana. Sortzaile hauengana hurbildu eta esateko zutena biltzea», adierazi du kazetari gazteak.
Film luzeetatik haratago Zeluloidezko begiradak elkarrizketa liburua da, eta bertan parte hartu duten bi zinema zuzendari izan ziren atzo, liburuaren aurkezpenean, Koldo Almandoz eta Jose Mari Goenaga donostiarrak. Biek ala biek esker ona azaldu zioten egileari: «Halako liburu batean ohikoena film luzeen egileekin hitz egitea izango zen. Baina kontuan hartu du beste zinema mota bat, eta beste zinemagile mota bat ere badagoela lanean. Niri egokitu zait horren adibide izatea, baina nire moduan beste hainbat pertsona daude beste iraupen, beste formatu eta beste moldeetako zinema egiten. Film laburrak, txikiagoak izateagatik ez dute garrantzia gutxiago. Komertzialki ez dute horrenbesteko garrantzia izango, baina sorkuntza aldetik, beste formatu horiek ere badute beren zeresana», adierazi du Almandozek.
Jose Mari Goenaga ’80 egunean’ filmean ibili da buru belarri azken urtean. Beste formatu batzuk ere egin ditu Goenagak. Aitor Arregirekin batera, ‘Lucio’ dokumentala egin zuen. Animazioan edota film laburretan ere ibili da: «Obsesio bat dago euskal zinema definitzeko. Hemen egina da, eta beraz, hemengoa da. Baina anitza da, denok ez baitugu gauza bera egiten». Almandozen ustez, «bada euskal zinema, baina bakoitzak definizio partikularra du».