Eguraldi txarraren ondorioz, emakumezko txapeldunek Groseko Indarraren lokalean jaso zituzten sariak (Argazkia: Gipuzkoako Surf Federazioa)
Gaztekutxa Gipuzkoako Surf Txapelketako lehenengo jardunaldiak jokatu zituzten aurreko asteburuan, Zurriolan. Helduen hiru mailetako partaideak lehiatu ziren larunbatean, batik bat, gizonezkoak eta, igandean, emakumezkoen txanda izan zen. Lehen jardunaldian, guztira 62 partaide izan ziren: 48 Open, 5 Senior eta 9 Master. Igandekoan, berriz, 16 surflari elkartu ziren. Gizonezkoei dagokienean, Mario Azurza, Indar Unanue eta Alex Iriondo izan ziren Open Mailako lehen hiru sailkatuak. Senior eta Master mailetan berriz, Alex Aristegieta eta Iulen Elkoro izan ziren garaileak, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Lore Izagirre, Maria Ortiz eta June Erostarbe izan ziren Open mailako onenak.
Behin maila horietako txapelketak jokatuta, erabakia dago zeintzuk lehiatuko diren Euskaltel Euskal Herriko Surf Txapelketan. Izan ere, Gipuzkoako ordezkariak izango dira Open Mailan sailkatutako lehenengo seiak eta gainontzeko kategorietako lehenengo lauak. Euskal Herriko txapelketa irailaren 10eko asteburuan jokatuko dute, Zarautzen edo Bidarten.
Goizeko bederatzietan hasi zen larunbateko lehen txanda eta 19:15 inguruan bukatu zen txapelketa. Metro inguruko olatuak egon ziren lehen jardunaldi hartan eta itsasbeherarekin lehiatu behar izan zuten goizean. Hala ere, itsaso mugitua ibili zen. Eguraldiari zegokionean, ez zuen euririk egin lehiak iraun zuen bitartean. Open Maila, txapelketako garrantzitsuena da eta bertan, 16 urtetik beherako partaide asko bildu ziren. Hala, gaztetxoen artean, Groseko Indarrako Ethan Egiguren eta Eriz Eizmendik lehenengo langa igaro zuten. Egiguren oiartzuarra, ordea, kanporatua egin zuten aurrerago. Lore Eizagirre txapelketako emakumezko bakarra izan zen eta final laurdenetarako sailkatzea lortu zuen arren, arratsaldean kanporatua izan zen. Eguerdian eguzkiak jo zuen eta arratsaldean zerua lainotua egon zen. Orduan jokatu zituzten Master Maila eta Open Mailako finalerdiak. Goizekoak baino olatu hobeak izan zituzten, ezkerretik zein eskuinetik.
Finalerdietako lehia oso estua izan zen eta surf ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten Saguesera gertutatutako ikusleek. Lehen txandan, Alex Iriondo eta Imanol Yeregi, 15 eta 16 urteko gazteek, finalerako txartela lortu zuten. Hain zuzen ere, Iulen Elkoro eta Haritz Mendiluze beteranoei irabazi baitzieten. Bigarren txandan, Borja Agote egiatarra eta Manex Bikuña getariarra kanpoan geratu ziren eta Mario Azurza eta Inar Unanuek egin zuten aurrera. Finalean, Mario Azurza izan zen irabazlea, azken unera arte bigarren postuan egon ostean. Izan ere, azken bost minutuetan 8,3 puntuko olatuak eman zion garaipena.
Jardunaldi gogorra
Igandean ere goizeko bederatzietan hasi zen txapelketa, baina goizean bakarrik aritu ziren surflariak, 16 partaide baitziren. Goizean zehar itsasbehera zetorrenez, olatu txikiak, nahasiak eta hartzeko zailak izan zituzten surflariek. Gainera, jardunaldi guztian euria eta ipar mendebaldeko haize zakarra izan ziren nagusi. Beraz, eguraldi txarraren ondorioz, longboard kategoriako txapelketa bertan behera geratu zen. Gainera, eguraldi kaskarraren ondorioz, ikusle gutxi bildu ziren. Beraz, emakumeek lan gogorra egin behar izan zuten eguraldiari aurre egiteko.
Final laurdenekin hasi zen txapelketa eta faborito nagusiak sailkatu ziren finalerako. Finalak 30 minutuko iraupena izan zuen. Behin finala bukatuta, eguraldi txarra zela eta, sari banaketa Groseko Indarra surf eskolaren egoitzan egin behar izan zuten.
Gaztetxoen txanda
Datorren asteburuan, txikienek hartuko dituzte taulak. 18 urtetik beherako maila guztietako lehiak egongo baitira jokoan. Horrekin batera, aurreko astean bertan behera geratutako longboard kategoriako txapelketa ere jokoan egongo da. Helduek bezala, maila txikietako lehenengo lau sailkatuek, Euskal Herriko Txapelketan parte hartuko dute, abuztuaren 28an; Zarautzen.
Gaztekutxa Gipuzkoako Bodyboard Txapelketa, apirilaren 16an eta 17an jokatuko dute. Izena ematea zabalik dago, apirilaren 15era arte:
gsf@euskalsurf.com.
Gaztekutxa Gipuzkoako Surf Txapelketa
Sailkapena:
Open. (gizonezkoak)
1. Mario Azurza.
2. Indar Unanue.
3. Alex Iriondo.
4. Imanol Yeregi.
Senior.
1. Alex Aristegieta.
2. Paulo Diaz.
3. Ibon Udabe.
4. Eneko Alberdi.
Master.
1. Iulen Elkoro.
2. Axel Diaz.
3. Jesus del Solar.
4. Unax Aizpurua.
Open (emakumezkoak).
1. Lore Izagirre.
2. Maria Ortiz.
3. June Erostarbe.
4. Ainara Aymat.
5. Candela Azurza
6. Noa Iturripea.