"Esklabo direla jabetu arren, jarrera oso baketsua dute"
Ekialde Hurbileko herri eta gatazka ahaztuen berri emateko hamaika bidaia egina da Karlos Zurutuza (Ibaeta, 1971). Hedabideetako orrietan zabaldu ohi ditu bere erreportajeak, baina dokumentaletan jasotzen ere hasia da. Estraineko lanean bezalaxe, Borja Portuondok lagunduta, Dohuk hirian piztutako zalantza argitu du Esklabu Iraken dokumentalean. Koldo Mitxelenan ikusgai, 19:30ean.
Zergatik pertsonen trafikoa?
Arma eta drogen salerosketaren ondoren, pertsone trafikoa da legez kanpoko hirugarren negozio aberasgarriena. Ez naiz gaia honetan aditua; baina Irakeko kasuari buruz hainbat datu eman ditzaket. Funtsean, testigantza bat dakart, dokumentala bera.
Nola izan zenuen kasu honen berri?
Urte dezente neramatzan Irakera eta, batez ere, Irakeko Kurdistanera joaten eta atentzioa ematen zidan kale garbitzaile guztiek azpikontinenteko aurpegia zeukatela. Hainbat bidaia eta gero, kuriositate hutsagatik, hara nola iritsi diren jakin nahi nuen. Gurean ohikoa da etorkinak ikustea, baina Iraken eta Afganistanen ikustean, nola iritsi diren eta atzean utzitako herrialdean beraien bizitza nolakoa izango ote zen pentsatzen duzu. Horrek zirrara eragiten dit eta galdera horiei erantzuten saiatu gara.
Esklaboak izatea espero al zenuen?
Esklabotza Euskal Herrian bertan dugu; baina, tamalez, inguruan ikus dezakezun zerbaitek ez du zure atentzioa pizten; baina gerran dauden eskualdeetan horrelakoak topatzea, nahiko deigarria da.
Ez zenuten filmatzeko arazorik izan.
Hasieran zuzendariarengana jo genuen. Berreraikuntzaz arduratzen ari ziren enpresei buruz lana egiten ari ginela esan eta beraiekin egon nahiz grabatzeko baimena eskatu genion. Bost egun pasatu genituen langileen eguneroko bizitzan murgilduta. Bukaeran, egin beharreko elkarrizketa egin genion zuzendariari, langileek esandakoari erantzuna eskatuz, eta ospa egin genuen. Ezustekoa izan arren, zuzendariak ez zuen beldurrik. Nepotismo asko dagoenez, ukiezina da, gasolindegi eta luxuzko hotel kateak ditu.
Nola bilakatzen dira esklabo?
Dokumentaleko jendeak Dubaira joango dela uste du, baina errealitatea oso bestelakoa da. Dubaien lanik ez dagoela eta lan baldintza berdinetan Iraken lan egingo dutela esaten diete. Baina soldata baxuagoarengatik, Astosh enpresa kurduarentzat kaleak garbitzen lan egiten dute. Zuzendariak pasaportea kentzen dizkie kontratua amaitu arte. Ihes egitea saihestu nahi omen du, mafien biktima izan ez daitezen.
Ez dira ihes egiten saiatzen, ordea, etsituta dirudite.
Pasaporterik ez dutenez, ezin dute Dohuk hiritik irten; Irakeko herri bakoitzera sartu-irteteko pasaportea, bisatua eta paper guztiak erakutsi behar baitira. “Patxadaz” hartze hori garai bateko kasta sistemaren arrastoetako bat dela uste dut. Oso deigarria da. Esklabo direla jabetu arren jarrera baketsua dute. Batzuek ez diete senideei non dauden esaten, oso mingarria baitzaie, lotsatu egiten direlako.
Nolakoa da beraien bizimodua?
Astean zazpi egun lan egiten dute. Bizi diren kanpamentutik lanera, eta lanetik hara bueltan.
Kontratua amaitzean joan daitezke?
Antza, pasaportea itzultzen diete.
Itzulitakoek ez al dute gertatutakoaren berri ematen?
Askotan galdetu diot hori nire buruari. Urteak daramatzate gauza bera egiten, eta etengabeko fluxua da, inoiz ez da langilerik falta izan. Bangladeshera joan eta bertatik bertara ikustea gustatuko litzaidake. Batzuek jakingo dute, baina 162 bat milioi biztanle dira, eta beti egongo dira, tamalez, han bukatuko duten 150 langile.
Nor da egoera honen arduraduna?
Errudun nagusia, bertako mafiarekin guztiz bat eginda dagoen gobernu autonomoa da. Udalak ederki asko daki langileak zein baldintzatan dauden, baina inork ez du ezer egiten, ez bertako gobernuak ezta Bangladeshekoak ere. Zigorgabetasuna erabatekoa da. Horrelako kanporatuek izugarrizko diru sarrera suposatzen diote Bangladesh bezalako herrialde bati, eta hau estuki hartuko balu, milioiak galduko lituzke.
Horren agerikoa izanda, herritarrek ere ez dute ezer egiten?
Eskualdea Barzani eta Talabani familiek kontrolatzen dute eta jendea kokoteraino dago. Bertako prentsan mila aldiz salatutako zerbait da, baina agintariek ez dute ezer egiten. Otsaila Iraken eman dut, herrialde arabiarren oldarraldien garaian, eta protestak izugarriak izan dira, bereziki, Kurdistanen. Kalean daude, baina oraindik ez dute aldaketarik lortu.
Beste herrialdeetan horrelakorik aurkitu al duzu?
Harrezkeroztik kanpora joaten naizen bakoitzean gai honi erreparatzen diot. Etxeko zerbitzari eta kale garbitzaileei adi begiratzen diet. Kasu honetan naziotasuna eta lana lotuta daude, hein batean, kasta sistema da. Bangladeshtarrak Kurdistanen, kale garbitzaileak dira; Iraken emakume filipinarrak topa ditzakezu neskame. Afganistanen ikusi dut horrelakorik, baina ez dut lanik egin.
Gaiarekin jarraitzeko asmorik?
Sekulakoa iruditzen zait. Politikoak baino, horrelako gizarte gaien bila ibiltzen naiz. Pertsona adina historio daude.
Ahaztutako gaiak gogoko dituzu.
Argi daukat guztiok ezin dugula batek markatutako joera jarraitu. Gai asko baztertuta gelditzen dira: Kaukason gertatzen ari dena edo betiko gatazka ahaztuak… Gaurkotasuna apetatsua da eta nekez entzuten dugu ezer Irak eta Afganistani buruz; eta ez da Japon eta Libiagatik. Zortzi urte beteko dira Irakeko inbasiotik eta herriaren egoerari buruzko diagnosia egin nahi nuen. Otsaila han eman dut, baina badirudi Irak medioetatik desagertu dela.
