Aitor Santos, Egiako kiroldegian (Argazkia: Estitxu Zabala)
Etxean, Corralesen aurka jokatuko duen partidarekin, bukatuko du denboraldia Egia Eskubaloi Taldeak, larunbatean 19:00etan; Lehen Mailara igo berria izan arren, oso lan txukuna egin du, Espainiako hirugarren ligarik indartsuenean. Finean, Esperotakoa baino hobeto aritu da Aitor Santosek (Errenteria-Orereta, 1975) zuzentzen duen taldea eta bere multzoko 14 taldeen artean laugarren postuan buka dezake. Seigarren denboraldia du Santosek Egian eta dagoeneko auzoan etxean bezala sentitzen da: «Galtzen badugu, kalean denek errieta egiten didate eta irabazten badugu, denek zoriontzen naute; oso gustura nago».
Espero baino hobeto joan zaizue Liga, ezta?
Egia esan, askoz gehiago kostatuko zitzaigula uste nuen. Lehen Mailan esperientziarik gabeko taldea ginen eta, gainontzeko taldeen maila ikusi arte, ez genekien zer topatuko genuen. Baina denboraldiko lehen zatian, puntu nahikoa eskuratu genituen eta, gero, erritmo berdinarekin jarraitu dugu. Gure asmoa 20 puntu lortzea zen, mantentzea ziurtatzeko. Orain, ordea, 25 puntu ditugu eta bi puntu gehiago lor ditzakegu. Hala, sailkapeneko laugarren postuan bukatuko genuke. Beraz, maila mantentzeko borrokatik goiko postu batean geratzeagatik aldatu dugu helburua.
Orduan taldea arazorik gabe moldatu dela esango zenuke?
Bai. Gainera, jokalariek motibazioa lortu dute. Hiru urte generamatzan Bigarren Mailatik Lehen Mailarako igoera fasean lehiatzen. Beraz, motibazio falta genuen, beti talde berdinen aurka jokatzen genuelako. Orain, maila handiagoko taldeen aurka lehiatzean, eskakizun maila igo egin da, baina aldi berean, motibazioa ere handiagoa izan da. Beraz, guztia politagoa izan da, garaipen bakoitza gehiago ospatu dugu eta lortutakoaren balorea igo da.
Zer moduz ikusi dituzu gainontzeko taldeak?
Zarautz izango da Ligako txapelduna eta izugarri gustatu zait. Oso talde ona dute. Segoviak ere talde ona du, baina, Zarauzkoarekin alderatuz, ez dauka zereginik. Gainontzeko taldeak bi multzotan banatuak ginen; erdi mailakoak eta jaisteko arriskuan daudenak. Bi taldek galduko dute maila eta hiru talde daude azken jardunaldian gertatuko denaren zain, zein jaitsiko den jakiteko. Zumaiak badaki dagoeneko maila galduko duela, baina, Corrales, Colindres eta Barakaldo lehian dabiltza.
Zuk esan bezala, hirugarren aukeran lortu zenuten igoera. Baina behin igota, esperotakoa baino gehiago erakutsi duzue.
Mantentzea baino gehiago lortu dezakegula ikusita, datorren denboraldiko helburua goiko bien artean sartzea izango da. Ea zortea dugun. Hala ere, oso zaila da. Errenteriako Ereintzak, esaterako, urte asko daramatza igoera fasean sartzeko saiakera egiten eta oraindik ez du lortu. Beraz, badakigu mantentzea dela lehen helburua, baina bigarren helburua ere lortzen badugu, hobeto. Igoera fasean sartzea, izugarria izango litzateke, auzoarentzat bereziki.
Zuen multzoan inguruko taldeen aurka jokatu duzue, baina bidaia astunak izan dituzue?
Segoviako bidaia izan zen okerrena, zalantzarik gabe. Egun osoko bidaia izan zen eta bidetik bazkaldu behar izan genuen. Hala ere, lehia horretan ibiltzeak, hori eskatzen du. Baina jokalari guztiak euren artean ongi moldatzen direnez, kartetara jokatzen pasatzen dute denbora.
Entrenamenduetako eskakizun maila asko igo behar izan duzu?
Eskakizun maila baino, konpromisoa eskatu diet. Astean hiru egunetan entrenatzen badugu, ahalik eta gutxienetan huts egiteko eskatu diet eta entrenamenduetan ahal duten gehiena emateko.
Oraindik ere babesle indartsurik lortu ez izana da okerrena, ezta?
Egia esan, aurten 165 jokalari daude klubean eta behar ekonomikoa geroz eta handiagoa da. Azkenan, krisia dela eta ez dela, babesleak falta zaizkigu. Oraindik gehiago hazi gaitezke, baina arazo ekonomikoak baditugu, talde batzuk ezingo dute jokatu. Oso ongi egongo litzateke Udalaren aldetik, esaterako, laguntzaren bat jasotzea.
Zaleek, behintzat, ez dizuete hutsik egiten.
Izugarria da etxeko partidetan harmailak nola egoten diren ikustea. Bufandak atera eta guztiek batera astintzen dituzte, zoragarria da. Azken jardunaldiko partida etxean jokatuta, irabazi beharra dugu. Denboraldi guztian gurekin egon diren zaleengatik.
Behin denboraldi bukaerara iritsita, aurreko urteetan baino neke handiagoa nabaritu duzue?
Ez, gure ezaugarrietako bat azkartasuna da. Kontraerasoan jokatzea gustatzen zaigu, beharrezkoa bakarrik defendatzea eta korrika asko egitea. Horregatik gara gol gehien sartzen ditugunak, baina, aldi berean, gol gehien jasotzen ditugunak. Fisikoki oso ongi gaude.
Harrobi ona duzue, ezta?
Bai, bigarren taldea igoera fasea jokatzeko sailkatu da, bigarren urtez jarraian. Beraz, guk iaz arte jokatzen genuen mailara igo daitezke. Iaz ere igoera lortu zuten arren, arazo ekonomikoengatik euren tokia saldu behar izan zuen. Aurten, igoera lortu ezkero, ekonomia oztopoa ez izatea nahi dugu. Horretarako, handik edo hemendik diru gehiago biltzen saiatuko gara; autobusen gastuak murriztuz, jokalariei diru gehiago eskatuz… Ez dakit nola, baina bigarren urtez jarraian Bigarren Mailara igotzea lortu duen talde bati ezin zaio aukera horri uko egitera behartu, ekonomia arazoengatik. Gainera, datorren denboraldirako, emakumezkoen senior taldea estreinatuko dugu. Hala, Bera Berakoekin akordioa egin dugu eta emakumezko talde guztiek Egia Bera Bera izena izango dute. Horrela bi kluben harrobia bultzatuko dugu.