Bakebidean, boikota eskatu dute
Duela bost urte, Palestinako hainbat elkartek nazioarteko eragileei eskaera luzatu zieten. Hain zuzen ere, honi baiezkoa emanez, Askapena elkarteko Donostiako taldeak hainbat denda bisitatu ditu azkenaldian, Israelgo produktuei boikota egitea eskatzeko. Izandako erantzuna ona izanik ere, ikustear dago galdegindako merkatariek aurrerantzean izango duten jarrera.
Boycott, Divestment and Sanctions edo BDS –Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak– mugimendua Palestinarren alde Israelgo produktuei boikota egitea eskatzen duen taldea da. Izan ere, palestinarrek beraiek eskatu baitzieten nazioarteko elkarte eta banakoei horrelako jokaera izatea, jasaten duten zapalkuntzatik israeldarrek etekinik atera ez dezaten. Munduko herritarrei eta, honenbestez, donostiarrei ere Made in Israel leloa duten produktuak ez erostea eskatu zieten. Denda eta merkatariei, berriz, horiek berak salgai ez jartzeko deia luzatu zieten.
Aurten, Lurraren Eguna aukeratu zuen Askapena elkarteak palestinarren nahia hiriko hainbat dendetara helarazteko. Hain zuzen ere, Donostiako Afede, Toys’R’Us eta Imaginarium jostailu dendetara gutun bana eraman baitzuten Israelgo produkturik ez saltzeko eskatuz.
Merkatariei emandako idazkian, boikota eskatzeko arrazoiak azaltzen ziren. Ekimenaren antolatzaileek nabarmendutako zioa da Israelen egindako jostailuak saltzearen paradoxa. «Jostailuak funtsezkoak dira haurren hezkuntzarako. (…) Beraz, inkongruentea da gerra krimenak egiten dituen estatu baten lantegietan eraikitako jostailuak saltzea». Boikotak presioa egiteko modu «eraginkor eta ez-bortxazko» gisa aurkeztu dituzte Askapena elkarteko kideek. Honen adibidea izan daiteke Imaginarium dendan gertatutakoa.
Ekintzaileak gutuna aurkeztera joan zirenean, dendako arduradunek harrera ona egin zieten, beti ere elkarteko kideen arabera. Hala ere, denda horrek, kate bateko partea denez, ez dauka produktuak aukeratzeko askatasunik, baina Madrilgo arduradunei BSDren gutuna helaraziko ziela jakinarazi zuten.