Bergara eta Hondarribia artean oinezkoena izango da Arrasate kalea
Autoek geroz eta leku txikiagoa izango dute Erdialdean, asfaltoaren lekua oinezkoen kaleetako baldosak hartzen ari baitira. Errepideari agur esaten hurrengo eremua Arrasate kaleko alderdi bat izango da. Hondarribia kaletik Urbieta kalera doan eremuan oinezkoak dagoeneko patxadaz ibil badaitezke, laupabost hilabete barru are lasaiago ibili ahal izango dira, Hondarribiatik Bergara kalera doan tartea ere oinezko bihurtuko duelako Udalak.
Getaria kalearen antza izango duela zehaztu du Ana Rivilla Bide Publikoetako zinegotziak. Alegia, baldosa txapal eta beltzak izango ditu. Oinezko izango den arren, auzokoek gauez autoa uzteko aukera izango dutela jakinarazi du Ana Rivillak.
Arrasate kalea eraldatzeko, 567.821 euro inbertitu beharko dituzte. Udalak, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du; Industria, Merkataritza eta Turismo sailak diru ekarpena egingo duelako. Denera, 323.498 euro emango ditu. Udalak, berriz, falta den zatiari egin beharko dio aurre, eta 244.323 euro bideratuko ditu.