"Herri gogoa indartu behar dugu"
Euskal Herria euskalduntzeko bidean eman beharreko pausoak eztabaidagai izango dituzte Bagerak antolatutako hizkuntza berdintasunari buruzko mintegian. Gai honetan sakondu eta ekarpenak egin nahi dutenek, Doctor Camino liburutegian dute hitzordua hilaren, 12, 13 eta 14n, 19:00etatik 21:00etara. Bere ikuspuntua partekatzen lehena Iñaxio Agirre (Tolosa, 1947) euskara teknikaria izango da.
Euskararen zein alor jorratuko duzu?
Panorama oso zabala planteatzeko asmoa dut. Mintegi moduan antolatua dagoenez, gauza asko jorratuko ditut; denen artean erabakitzeko zeintzuk diren interesekoak, gehiago sakondu eta eztabaida pizteko.
Zein alderdi aipatuko dituzu?
Munduan gertatzen diren hizkuntzen galtze prozesuaz hitz egingo dut. Horrek gizartea txirotu eta hizkuntzaren iraunkortasuna bermatzeko egokitzapen berria eskatzen du. Bestalde, teoria soziolinguistikoek normalizazioa lortzeko jartzen dituzten baldintzak ere aipatuko ditut. Euskal Herriak nondik joan behar duen eta euskara guztiona eta guztiontzakoa izan dadin. Helburua, kultura anitzeko euskaldun eleaniztunek osatutako Euskal Herri euskalduna lortzea da.
Nola ikusten duzu euskara?
Testuinguru erdanduntzalean, egoeran minorizatuan dago; bi estatuturen mehatxupean, arriskuan. Hizkuntz komunitatea desegituratua eta desintegratua dago. Ez da etsipenezko fatalismoan erortzeko garaia, guztiz alderantziz, baizik. Aro politiko berri batean sartzen ari garela uste dut, eta behingoz, planteamendu egokia egiteko unean gaude, Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko.
Eta Donostian, nolako egoera bizi du?
10 erabileretatik, euskarazkoak ez dira bira iristen. Erabiltzen ez den hizkuntza hil egiten da. Egungo baldintzetan bi gaztetik bat ez da euskaldun oso Donostian, ez da bizi euskaraz, eta besteak bizi daitezen oztopatzen du. Horrela, euskararen iraunkortasuna bermatzea ezinezkoa da.
Orain arteko hizkuntza politiken emaitza nola ikusten duzu?
Ahalegin handiak egin dira, baina horiek ez dute balio Euskal Herri euskalduna lortzeko, minimoen azpitik gelditzen dira.
Ez dira nahikoa, beraz.
Ez dira Euskal Herri euskalduna gauzatzeko bidea. Beste politika eta marko berri bat behar ditugu, hizkuntz politika bideratzeko. Teorikoki hori esaten aritu gara 30 urtez, baina praktikak erakutsi du okerra dela. Hor daude Eusko Jaurlaritzaren berezko joera negatiboak gainditzeko ezintasuna, Kontseiluaren zazpi urteko txostenak edota azken udal politiken azterketa. Horrek guztiak argi erakusten du egoera minorizatua ez dela elebitasun politikarekin konpontzen.
Zein da bidea?
Hizkuntza ekologiaren eta Txepetxek aipatutako bidetik aurrera egin beharko litzateke.
Zer alternatiba proposatzen duzu?
Herri gogoa indartu behar dugu, eta hortik euskalgintza eraldatzailea, euskaldun eraldatzaileak sustatu eta bultzatu behar ditugu. Eremu ideologikoan ere konfrontazio ideologikoa irabazteko ezinbestekoa da gogo hori indartzea, eta horretarako, hizkuntz berdintasun mintegiak zabaldu eta orokortu behar dira.
Nor gonbidatuko zenuke mintegian parte hartzera?
Herritarrak eta eragile guztiak, orokorrean. Ez da bi edo hiru buruk edo informazio ona daukatenen kontua. Herrigintza denok egin behar dugu. Denok liderrak izan behar dugu eta lidergo partekatua bideratzen jakin. Hori da egin behar dugun aldaketa.
Nola hurbildu euskaratik urrun daudenak?
Hor egin behar dugu ahalegina, aldaketa askoren emaitza izango da. Tresnarik behinena belaunaldi berri guztiak euskaldun oso bihurtzea da. Horretarako, hezkuntza ereduen legea aldatu eta euskalduntzen duen D eredua euskal curriculumaz indartu behar da. Goi mailako ikasketak euskaraz benetan egiteko beharrezko legeak aldatzea; lan munduan euskaraz egitea… Bestalde, gazteei ingurune soziolinguistiko aberatsa eskaini behar zaie eta helduei doan euskalduntzeko aukera ematea, osagarritasunez. Burujabetasuna behar dugu, herritarrek nahi duten eredu soziolinguistikoa erabakitzeko, Euskal Herri euskalduna barne, eta hizkuntza politika berria indarrean jartzeko.