Larraine. JON CAZENAVE
Koldo Mitxelenako Ganbaran zintzilikatu ditu Jon Cazenavek Ipar Euskal Herrian zehar egindako argazkiak
«Nire bizitza argazkiak dira. Nire aberria eta herria ere bai. Beraz, argazki hauek areto honetan zintzilikatuta ikustea… Txundituta nago». Jon Cazenave argazkilariak (Donostia, 1978) Herri ixilean erakusketa aurkeztu du Koldo Mitxelenako Ganbaran. Zuri beltzeko hogeita hamar irudi bildu ditu bertan. Euskal Kultur Erakundeak eta Getxophoto jaialdiak elkarlanean bultzatutako ekimena izan da. Iaz izan ziren ikusgai irudiak lehen aldiz, Getxon, eta orain Donostiara iritsi dira.
Cazenave abizena jatorriz gaskoia da, Biarnokoa, baina Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan aurki daitezke haren arrastoak. Jon Cazenavek, kamera eskuan, haren arbasoek Biarnotik itsasora iritsi arte egindako bidaia egin du, haren abizenaren jatorriaren bila. Herri ixilean barrena ibili da. Bidean, hainbat Cazenavetar ezagutu ditu. Junes Casenave apaiz eta idazlea, besteren artean. Hari esker ezagutu zuen Zuberoa, eta bertako paisaien «laztasuna». Irudizko ibilbide hori ekarri du, hain zuzen, Ganbarara.
Laboa eta Oteiza, bidelagun
Kanbo, Miarritze, Aldude, Hendaia, Altzai, Urepele, Itsasu, Angelu, Ainhoa, Maule, Garazi, Santa Grazi. Atharratze, Baigorri, Ahuski, Larraine, Urdiñarbe, Altzuruku… 2010eko urtarrilean hasi zen Herri ixilean proiektuarekin lanean: «Cazenavetarren historia aitzakia izan da Iparraldean zehar buelta bat egiteko. Nire asmoa herria usaintzea zen; inspirazioa bilatu nahi nuen. Denbora asko eman dut autoan, herriz herri».
Oteiza, Chillida, Zuberoako kantu zaharrak edota Mikel Laboa ere izan ditu bidelagun. Haien testuak eta musika eraman ditu berarekin iparraldeko mendi eta larreetara. Erakusketan, hain zuzen, argazkiez gain, bidaian zehar idatzitako egunerokoa, liburuak edota mapa bat ere ikus daitezke.
Cazenaverentzat, garrantzitsuena ez da kamera hartu eta klik egitea, «bide bat jorratzea, eta lurraldea sentitzea» baizik. «Ez dago ezer berezirik argazki hauetan. Eguneroko bizitza da. Baina badute halako karga bat. Iparraldea dago, baina ez da Iparraldea. Argazki hauek nik Iparraldean egindako argazkiak dira. Nik han sentitutakoa islatzen dute», azaldu du argazkilari gazteak. Bere baitan sortutako irudiak direla dio: «Nire irudizko mundua hor dago. Nire momentu magikoak, familiarekin pasatako une bereziak… Momentu onak eta txarrak pasa nituen».
Argazki ilunak dira Cazenaverenak. Baina iluntasunean, argia ikusi du: «Ilunak dira, bai. Baina argazkiek argi berezia dute. Argi berezia du gure herriak. Uterinoa dela diote. Eta ni hala sentitu nintzen, amaren sabelean bezala».
Argazkiez hitz egitea ez duela gustuko aitortu du egileak: «Argazki hauek galderak dira. Askotan galdetzen didate ea helburua lortu dudan. Niri helburuak ez dit axola. Bidea da interesatzen zaidana. Nire euskaltasuna eta cazenavetartasuna berreraiki ditut bidaia honetan. Nire erroetatik sortutako lana da».
Cazenave, lanbidez ekonomialaria da. 2006an, ordea, argazkigintzari ekin zion. Orduan hasi zen Galerna proiektuarekin, euskal gatazkaren inguruko lanarekin. Denborarekin, aldiz, Euskal Herriari buruzko proiektu bihurtu dela azaldu du: «Zerbait dago gure mendietan, itsasoan, gure paisaian. Gure inguruko toki eta pertsonen magia irudikatzen ari naiz».