Zazpi hilabete eta erdi kale gorrian igaro beharko dituztela salatu dute
Negu gogorrari aurre egiteko, Caritasek Hotzaldi aterpea eta Udalak Neguko Aterpea zabaltzen dituzte azaroaren 15etik martxoaren 31 bitartean. Urteko gainontzeko egunetan, ordea, babesean lo egiteko beste baliabiderik ez dutela salatu dute hainbat herritarrek. Mustafa Toukit, esaterako, duela hamabost urte heldu zen Donostiara eta lau hilabete daramatza kalean lotan.
Martxoaren 31n Hotzaldiko eta Neguko Aterpeko ateak itxi zituztenetik, «zazpi hilabete eta erdi kalean gorrian igaro behar» ditugula adierazi du. Egoera berean beste berrehun lagun daudela jakinarazi du. Hori dela eta, manifestazioa egitea erabaki dute, gaur, 18:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean.
Ez dutela ez etxerik ezta apartamenturik nahi. Beren aldarrikapen bakarra gau izarpean ez igarotzeko aterpe zerbitzuak urte osoan zabalik egotea da. Kalean lo egiteaz «kokoteraino» daudela kexu da Mustafa. Bi zerbitzuok urte osoan zabalik egoteak jende askoren egoera xamurtuko lukeela nabarmendu du. Bi aterpeek 80 lagunentzako plazak eskaintzen dituzte, 40 bakoitzak.
Herritar horien kezka lau haizetara zabaltzeko, kartelak prestatzen ari dira. Etxea noizko? eta Nire ohea zorua da eta nire teilatua, zerua dira jendearen arreta bereganatzeko aukeratu dituzten leloetako batzuk.
Alicia Gonzalez Ongizate saileko ordezkariak giza talde horren aldarrikapen hotsak belarrietara iritsi bai, baina idatzizko eskaerarik jaso ez dutela argitu du. Dena den, oraingoz, Ongizate sailak eskaintzen dituen zerbitzuetan aldaketarik egiteko asmorik ez dutela zehaztu du. Hala ere, eskaintzen diren baliabideak nahikoak diren ala ez ikusteko azterketa egiten ari direla azaldu du.