"Filmak ez du mezu zehatz bat; ikusleen bihotzak ukitu nahi genituen"
‘Hermano’ filmarekin hasiko da gaur IX. Giza Eskubideen Zinemaldia Victoria Eugenia Antzokian
Caracasko inguruko auzo txiro batean bizi dira Daniel eta Julio anaiak. Bertako futbol taldeko jokalariak dira. Futbola da haien ihesbide bakarra. Juliok zikin irabazitako diruarekin mantentzen du familia; ez du amets egiteko astirik. Danielek, ordea, maila profesionalean jokatu nahi du nola edo ahala. Caracas F. C. talentu berrien bila dabil eta proba batzuk egitera joango dira bi anaia gazteak. Une horretan, ordea, ezbehar batek erabaki bat hartzera behartuko ditu. Mendekuzko desioa asetu, bizitzako ametsa bete ala familia elkartuta mantentzea.
‘Hermano’, Mosku edota Los Angelesko zinemaldietan saritu dute. Venezuelako Marcel Rasquin zuzendariaren lehen filma da. Pelikulan parte hartu duten hainbat pertsonentzat ere lehen errodajea izan da. Eliu Armas aktorearentzat (Julio) lehen papera izan da. Haren bizitzak antza handia du bere pertsonaiarenarekin. Venezuelan beisbola da nagusi. Armas etorkizun handiko jokalaria zen, baina istripu batek haren ibilbidea eten egin zuen: «Parapentean ibiltzea gustatzen zitzaidan, eta ez nintzen arriskuaz jabetu».
Venezuelako ghetto baten erretratu gogorra egin du zuzendariak. Halere, egileen helburua ez zen inolako aldarririk egitea: «Ipuin kontalaritzat dugu gure burua. Maitasun istorio bat egin nahi genuen. Ez genuen inolako kritikarik egiteko asmorik. Filmak ez du gai zehatz bat. Ikusleen bihotzak ukitu nahi genituen. Baina pozik gaude giza eskubideekin lotura duen jaialdi batera iritsi delako».
Transexualitatea, hizpide
Rosa Baches muntatzaile kataluniarraren lehen filma da ‘Las joyas de la calle’ dokumentala. Hamazazpi urte dira Hanburgora joan zenetik. St. Pauli auzoan etxe berezi bat ezagutu zuen, eta bertan bizi direnen erretratua egitea erabaki zuen. Latinoamerikako zenbait transexual dira protagonistak. Etorkinak dira Alemanian. Bizitza zaila da guztientzat. Prostitutak dira, eta kalean lan egiten dute. Operatzea eta sexuz aldatzea dute amets. «Askok ez zuten dokumentalean parte hartu nahi. Baina baietza eman zutenek naturaltasun osoz hitz egin zuten. Haiek etengabe ari dira euren identitatearen inguruan gogoeta egiten. Nolakoak diren azaltzea erraza da haientzat».
Dokumentalari esker hainbat aurreiritziri aurre egitea lortu duela dio Bachesek: «Transexualen bizimodua tristea zela uste nuen, ez dagokien gorputzean jaio direlako. Baina emakume hauek ez zioten gai honi horrenbesteko garrantzia ematen. Gizonezkoena ez den edertasuna bilatzen dute, emakumeena. Ja ez ditut biktima gisa ikusten».
Larunbatean, ‘Pink Saris’ Gaur, ostirala, hasiko da Giza Eskubideen Zinemaldia, eta astebukaeran ere egitarau zabala izango da ikusgai Victoria Eugenia Antzokian. Bihar, larunbata, jaialdiaren sari nagusia eskuratuko duen Kim Longinotto britainiarraren dokumentala aurkeztuko dute. ‘Pink Saris’ lanak Longinottok Indiako iparraldeko emakumeen inguruan egindako erretratua ekarriko du Donostiara. Sampat Palet izena du protagonistak. Gazte zela ezkontzera behartu egin zuten. Senarraren eta haren familiaren tratu txarrak sufritu zituen. Haiengandik ihes egitea lortu zuen, eta egun emakumeen eskubideen aldeko borrokan dabil buru belarri.
‘Liberte’ filmak ijitoek Bigarren Mundu Gerran sufritutako jazarpena irudikatu du. Gestapo atzetik duen familia ijito baten istorioa pantailaratu du Tony Gatlif zuzendari frantziarrak. Igandean hiru emanaldi izango dira. ‘Videocracy’ dokumentalak Silvio Berlusconi du jomugan. Tele zaborra, telebistan agertzea amets duen kaleko jendea, Berlusconiren boterea… Komunikabideak eta interes politikoen arteko lotura erakutsiko die ikusleei.
‘State of violence’ filmak, berriz, Hegoafrikara eramango ditu zinema zaleak. Gaztetan Nelson Mandelarekin batera borrokatu zuen protagonistak. Egun, ordea, meatze konpainia handi baten enpresaburua da. Claire Denisen ‘White Material’ pelikulak deskolonizazioaren gaia izango du ardatz. Apirilaren 15ean bukatuko da jaialdia.IX. Giza Eskubideen Zinemaldia.
Ostirala: 18:00. Artexivu musika taldearen zuzenekoa Okendo plazan eta Victoria Eugenia Antzokian. 19:00. ‘El viaje de Maria’, Miguel Gallardo (Esp., 14 min.) / ‘Hermano’, Marcel Rasquin (Ven., 96 min.). 22:30. ‘Las joyas de la calle’, Rosa Baches (Ale., 74 min.).
Larunbata: 19:00.Laszl, Nicolas Lemee (Frantzia, 4 min.) / ‘Pink Saris’, Kim Longinotto (EB-India, 96 min.). 22:30. ‘Liberte’, Tony Gatlif (Frantzia, 111 min.).
Igandea 16:30. ‘Videocracy’, Erik Gandini (Suedia-Danimarka-EB-Finlandia, 85 min.). 16:30. ‘Je Pourrais etre votre grand-mere’, Bernard Tanguy (Fr., 19 min.) / ‘State of violence’, Khalo Matabane (Hegoafrika-Fr., 79 min.). 22:30. ‘3 hours’, Regan Hall (EB, 14 min.) / ‘White material’, Claire Denis (Fr., 102 min.).
Astelehena 16:30. ‘Na wewe / You too’, Ivan Goldschmidt (Belgika-Burundi, 19 min.) / ‘A Jamaa’, Daoud Aoulad-Syad (Maroko-Fr., 85 min). 19:00. ‘Mon amour. Historias de muros’, Maysun Cheikh Ali (Espainia, 3 min.) / ‘Cleveland Vs. Wall Street’, Jean Stephane Bron (Fr.-Suitza, 98 min.). 22:30. ‘Picnic’, Gerardo Herrero (Espainia, 13 min.) / ‘Post mortem’, Pablo Larrain (Txile-Mex.-Ale., 98 min.).