Mendia argazki lehiaketa irabazi du Jose A. Gurruchagaren Cima, llegando al Petit Vignemale argazkiak.
Ohiturarekin aurrera jarraituz, aurten ere Mendiaren Astea antolatu du Vasco de Campingek. Egitarau zabala osatu du elkarteak apirilaren 11tik 17ra: ikusentzunezkoen proiekzioak, erakusketa, hitzaldiak, lehiaketak… baina beti ere, helburu nagusia zein den ahaztu gabe, naturarekin lotutako kirola bultzatzea. Gainera, elkarteak antolatutako ekimena den arren, interesa duten mendizale guztiei zabalik dago.
Argazkilaritza eta literatura
Argazkilaritza eta literatura lehiaketak deitu zituen Vasco de Campingek eta Mendi Astearekin bat eginez, sari banaketak egingo dituzte. Txema Garai, Jesus Mari Guiry eta Miren Muñoz izan dira Mendia argazki lehiaketako epaimahaikideak eta martxoaren 23an elkartean bildu ostean, honela banatu zituzten sariak: Jose A. Gurruchagaren Cima, llegando al Petit Vignemale, lehen saria; Jorge Murgiondoren Final de tormenta, bigarren saria eta Andoni Ramosen Ventisca en Adarra, hirugarren saria. Lehen hiru sarituez gain, bigarren mailako saria ere jasoko dute beste bi argazkik: Javier Mendizabalen Sublime amanecer eta Jose M. Llavoriren Abejarucos, Nafarroa. Edonola ere, aurkeztutakoargazki guztiak biltzen dituen proiekzioak zabalduko du Mendi Astea. Datorren astelehenean, 19:00etan. Sari banaketa, berriz, apirilaren 15ean egingo dute, 19:00etan.
Mendi literatura lehiaketari dagokionean, apirilaren 15an egingo dute sari banaketa eta irabazleen izenak ere erabakiak daude. Kasu honetan, Rosa Eguren, Jesus Alquezar Sabadie, Jesus Mari Alquezar, Xabi Itzaurzo eta Juanjo Cimorra izan dira epaimahaikideak. Lehenengo saria Imanol Ollakindiak jasoko du, Martin pisa hondo lanarengatik. Bigarren saria, Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalagaren Jaizkibel lanarentzat izango da. Hirugarren lekuan, berriz, Miren Muñoz geratu da, Cordadas en Alpes idazlanarekin. Bestalde, Josune Otxotorenak eta Belen Eguzkizak ere bigarren mailako sariak jasoko dituzte.
Aramotzeko mendi irteerarekin bukatuko dute astea, igandean. Irteerara joateko gogoa duena klubarekin harremanetan jar daiteke: 943-27 18 66 edo cvc@vascodecamping.org.
EGITARAUA
- Apirilak 11, astelehena.
-19:00. Mendia izeneko lehiaketara aurkeztutako argazkien proiekzioa. Elkartearen Groseko egoitzan.
-Ondoren. Aste guztiko ekimenen aurkezpena.
- Apirilak 12, asteartea.
-19:30. Atxazpe Mendi Taldeko Iker Iriondo eta Koldo Zubimendiren Jatun Chacua mendilerroa erakusketa. Okendo kultur etxean.
- Apirilak 13, asteazkena.
-19:30. Donostia 2016 proiekzio berezia: Trekking Donostia Baiona 2010 (Maria Jesus Garmendia); Senda litoral-ruta de los acantilados del monte Ulia (M. Jesus Garmendia); Jaizkibel, sintonia del litoral (Lourdes Arruti). Okendo kultur etxean.
- Apirilak 14, osteguna.
-19:00. Bi proiekzio: Semana Blanca de 2011 del CVC en Avoraiz (Alberto Ancin) eta Altitoy Opena 2011. Elkartearen Groseko egoitzan.
-Ondoren. Mendi literatura lehiaketa-Errimaia 2010-60. urteurrena: Irabazleen sari banaketa.
- Apirilak 15, ostirala.
-19:00. Mendia argazki lehiaketako irabazleen sari banaketa. Elkartearen Groseko egoitzan.
-Ondoren. Bazkide bezala 50 urte bete dituzten pertsonak omenduko dituzte.
- Apirilak 17, igandea.
-Mendi irteera, Aramotzera. Luis M. Vicario eta Miguel Campo.