Familia osoak eraman ditu hondartzara eguraldi beroak. (Mikel Goñi)
Termometroen zenbakia eta hondartzara joaten diren pertsonen kopurua batera igotzen dira. Horren erakusle izan dira azken egunak. Toki askotatik etorritako jendeaz bete dira hiriko hareatzak. Gaur ere, antzeko itxura izango dute guneok. Bihar, berriz, eguzki argia soberan izango den arren, tenperatura baxuek hondartza zaleen zenbatekoa murriztuko dute.
Egun hauetako primerako eguraldiak Ondarreta jendez bete du lehen aldiz aurten. Adin guztietako pertsonak izan dira, asteazkenetik, eguzki izpien beroa jaso nahian Antiguako hondartzan. Gauza bera gertatu da hiriko beste hareatzetan. Ilobek, gurasoek, aiton-amonek, ia denek gozatu dute udararen aurrerapena. Jose Luis Rio arrantzaleak, berriz, beste begiekin ikusten du egoera. «Guretzat euritan aritzea da eguraldi ona izatea, orduan harrapatzen ditugu arrain gehien».
Bestelako kirolean jardun dute Baztango Jokinek eta Tomaxek. Futbol baloiari ostikoak ematen geldituta, «perretxikoen truke» lehen hondartza eguna gozatzera etorri direla adierazi dute.
Udako itxura hartu dute hondartzek udaberri hasierako egun hauetan. (Mikel Goñi).
Modu honetako bisitari asko izango dituzte Donostiako hareatzek gaur. Bihar, berriz, ausartago beharko dute izan. Izan ere, Euskalmet-en iragarpenaren arabera, hotz aldera joko baitu eguraldiak, eta erabat kaskartuko ez bada ere, ez da aurreko egunetako giroa izango.