XX. mendeko ahozko artxiboa
Euskararen Udal Patronatuak eta Badihardugu euskara elkarteak ahozko ondarea eta herri hizkera jaso, landu eta zabaltzeko asmoz, Donostiako Ahotsak ekimena jarri zuten 2009an abian. Urteotan 136 donostiar elkarrizketatu dituzte; erdia, 80 urtetik gorakoak. Pilatutako ondare zabala, hala ere, edonoren esku dago, www.ahotsak.com/donostia web atarian. Bertan, hirian grabatutako 200 bideo labur ikus daitezke. Bideo horiek guztiak bildutako pasarteen zati txiki bat besterik ez da; urte bukaerarako, 600 bideo artxibo osatzeko asmoa baitute.
Ahotsak egitasmoan parte hartu duten herritarrei esker ona adierazteko, Euskararen Udal Patronatuak omenaldi txiki bat egin zien atzo Udalbatza aretoan.
Idoia Etxeberria aritu da 136 donostiarrekin kontu kontari. Auzo guztietako lagunekin elkartu dela azaldu du, «75 urtetik gorakoak gehienak». Guztiengandik harrera beroa jaso duela eta «gozamena» izan dela nabarmendu du. Emakumeak dira nagusi elkarrizketa horietan eta, tartean, bada pertsonai ezagunik: Txillardegi, Juan Mari Irigoien… Lau bat partaide elkartuz, solasaldia ere antolatu zuten Añorgan.
Bakoitzaren bizipenetan oinarrituko elkarrizketak dira. Azken batean, XX. mendeko ahozko artxiboa osatu dutela jakinarazi du Asier Sarasua Badihardugu elkarteko kideak. Hamaika bitxikeria ezagutzeko aukera izan duela azpimarratu du Idoia Etxeberriak. Batzuk baserritarrak, besteak arrantzaleak edota tabernariak, era guztietako lanetan arituko herritarrekin egin du solas. Duela 50-60 urteko lanbideak nolakoak ziren, gaztaroko pasadizoak edo aisiaz nola gozatzen zuten aztertzeko ikerbidea zabaldu dela diote. «50 urteetan, aurreko 500 urteetan beste aldatu baita bizimodua», esan du Sarasuak.
Bizimodua ez ezik, ahozko hizkuntza ere bestelakoa darabilte egungo gazteek. Igeldon edo Mollalden berezkoak diren esapideak entzun daitezkeela nabarmendu du Ainhoa Beola Euskara zinegotziak. Miaketa lan horretatik «pertsonai xelebre» ugari ere agerian geratu direla gehitu du.