2015. urtea arte, itxita
Ostegunean hasiko dira hondeamakinak Tabakaleran lanean. Iragan asteburuan izan dira azken bisitariak.
Tabako fabrika zaharrari gero arte esateko ordua iritsi da. Duela urte bete hasi behar ziren berritze lanak, baina saiakera hark huts egin zuen. Ostegunean sartuko dira hondeamakinak Tabakaleran. Orduan hasiko da eraikinaren eraldatze prozesua. Ondo bidean, 2015ean zabalduko ditu ateak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bihurtuta.
Hainbat herritarrek ez dute azken bisita egiteko aukera galdu nahi izan, eta Tabakalerak antolatutako bisita gidatuetan parte hartu dute eraikin zaharrari agur esateko. Azken hiru astebukaeretan antolatutako bisitetan mila pertsona izan dira. Astean zehar, gainera, hainbat eskoletako ikasleak izan dira Tabakaleran. Ia 400 ikasle.
Agur, betiko desagertuko diren espazio horiei; agur, fabrikako langileek bertan utzitako arrastoari… Eta ongi etorri, Jon eta Naiara Montero arkitektoen Hiru lerroan proiektuari. Iragana memorian gorde, eta etorkizuna irudikatu dute bisitariek. Irutxuloko Hitzak ere ez zuen azken bisita galdu nahi izan.
Sarrera nagusian, Mandasko Dukearen kalean, hasi da bisita. «Fatxada bere horretan mantenduko dute?», galdetu du bisitari batek, kezkatuta. Atseden hartu egin zuen bisitaren gidariaren erantzuna entzun duenean: «Eraikina inguratzen duen hesia bota egingo dute, espazio irekia izango da aurrerantzean. Fatxada dagoen bezala utziko dute, eta sarrerako eskailera ere bai». Eraikinaren barrualdean, ezkerraldean, azken urteotan erakusketa areto moduan erabili duten espaziora eraman gaitu: «Egungo fabrika itxura mantenduko du, eta balio anitzeko plaza izango da. Musika ikuskizunak edota antzerki emanaldiak egingo dituzte». Sabaia, ordea, altuagoa izango da. 6 metrotik 10 metrorako jauzia egingo du, lehen pisuraino iritsi arte. Galdera gehiago botatzen hasi da jendea: «Zergatik daude leihoak tapatuta?». Zigarrogileek, antza, tabakoa ateratzen zuten leihotik, arduradunak ez zeudenean…
Azken begiradak, azken irudiak
Erakustareto bihurtuko diren galerietara iritsi gara. Eta handik, beste patio batera, TBKafera. Taberna eta kafetegi ez ezik, grabazio toki eta mundu osoko ikus entzunezko programazioa eskainiko duen gunea izango da. Asiarako gunea, finean. Espazio honetara egungo Egiako lurpeko pasabidetik sartuko dira herritarrak. Hiriko puntu beltz bihurtu den kalea plaza zabal bihurtuko da. Patioko zorua soto mailaraino zulatuko dute, eta egungo estalkia 24 metroko altueran kokaturiko argi zulo batek ordezkatuko du.
Garai bateko galdara aretoa da betiko desagertuko den espazioetako bat. Ikus-entzunezkoentzako ekoizpen gune eta plato bihurtuko da. Bertako burdinazko pilareak ere desagertu egingo dira: «Bota egingo dituzte? Eta zergatik ez dituzte birtziklatzen? Parke batean edo jartzea bazuten…», iradoki du pertsona batek.
«Eta ez al da tabako fabrika zaharraren inguruko erakusketa iraunkorrik izango? Bertako langileen argazkiekin osatutakoa edo». Gidariak ez du erantzunik horretarako…
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Giza Eskubideen Zinemaldia, Nazioarteko Zinemaldia, Nosferatu… Zinema eta ikus-entzunezkoekin lotura duten hainbat programazio Tabakaleran egingo duten proiekzio aretoan izango dira ikusgai. 450 eserleku izango dituen zinema aretoa egingo dute. Oraindik Bainet ekoiztetxeak utzitako hainbat argi eta beste zenbait tresna ikus daitezke.
Lehen solairura igo gara. Mediateka erraldoiak hartuko du espazio gehiena. Altadis enpresaren bulego zaharrak ikus daitezke bertan, eta langile ohien telefonoak. «Barkatu, baina itxi egin behar dugu. Amaitu da bisita…». Azken argazki batzuk, azken begiradak…eta azken promesa, «2015ean itzuliko gara».