Gogor ari dira Kontxako sarbidean lanean (Argazkia: Xabier Etxabe)
Egunero bertatik igarotzen diren oinezkoek ederki dakite, Cervantes aparkalekuaren parean, Kontxara jaisteko eraberritzen ari diren sarbideko lanak azken txanpan direla. Udazkenean ekin zioten sarbidea aldatzeari eta Duñike Agirrezabalagak gidatzen duen Proiektu eta Herri Lan sailak aurreikusi duenez, Aste Santurako bukatuko dute.
Zaharraren itxura mantenduko duten arren, egungo beharrizanetara egokituko dute, aurrekoa baino askoz ere arinagoa izango delako. Alegia, %17ko malda zaharra gora eta behera ibiltzeko arazoak dituztenentzat erosoa izango da, %8ko malda izango duelako. Baldosak jartzen ari dira orain. Aste honetan guztiak jartzea espero dute. Era horretan, lau egun utziko lituzkete aldapa lehortu, eta baldosa guztiak behar bezala tinkatzeko. Apirilaren 20rako sarbidea zabalik egotea espero dute. Hala, hondartza garbitzera jaisten den makina bertatik igaro ahal izango dela jakinarazi dute.
Sei hilabete inguru behar izan dituzte malda egokitzeko. Aurrekoa baino luzeagoa izanik, beharrezkoa izan da hondartza pusketa bat hartzea. Espainiako Gobernuak bideratutako bigarren Zapatero planaren laguntzaz egin diete 743.246 euroko gastuei aurre.