Gipuzkoako harrera familien elkartea da Beroa. Txara I-n du egoitza eta, kide dituen 60 sendiek elkarri laguntza emateaz gain, jendea animatu nahi dute haurrei harrera egitera.
Izaskun Ugarte (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Hilabete eskas darama Izaskun Ugartek (Aiete, 1959) Beroa elkarteko presidente lanetan, baina ondo baino hobeto daki zer duen esku artean. Orain sei urte bihotzean zaplada sentitu eta jada alabatzat duen haurra hartu zuen harreran. Berotasunez, pauso hau ematera animatu nahi ditu laguntzeko prest daudenak.
Zergatik sortu zen Beroa elkartea?
Hainbat harrera familiak eratu zuten 1999an. Aldundiren aldetik babesa izan arren, egoera bera bizitzen duen norbaiti zure zailtasunak kontatzeak aurrera egiten laguntzen dizu, sostengu morala oso garrantzitsua baita. Elkarri laguntzeak harrera arintzen du.
Zein da elkartearen egitekoa?
Elkarte gisa, atsedenaldiak prestatzen ditugu, udalekuak, irteerak… antolatuz. Haurrek ondo pasatzen dute eta zuri berezko seme-alabei denbora eskaintzen uzten dizu. Hartutako haurrek zure arreta osoa hartzen dute, eta besteak, baztertuak senti daitezke. Bestalde, erakundeetatik jasotako laguntzaren bidez, haur hauek izan ohi duten eskola-porrota gainditzeko akademiak ordaintzeko diru laguntzak lortu ditugu; karga hori familiek bakarrik bere gain har ez dezan.
Hitzaldiak ere antolatzen dituzue…
Jendeak Beroa ezagutu eta harrera horren zaila ez dela jakin dezan nahi dugu. Komunikabideetan agertutako gatazka kasuak ezagutzen dira, baina milaka harrera familia daude arazorik ez dutenak. Batzuetan badirudi etorkinei zuzendutako zerbait dela, baina bertako haurrak ere badaude. Behar handia eta egiteko asko dago. Ahalegin txikia da, baina eginkizun handia eta oso aberasgarria.
Nolatan animatu zinen?
Egunkarian irakurri nuen familiak behar zituztela, bihotzean zaplada sentitu eta ‘zergatik ez?’ pentsatu nuen. Senarrari esan eta Beroaren hitzaldi batera joan ginen. Alde on eta txarrak azaldu zizkiguten eta aurrera egiteko indarra sentitu genuen, baina seme-alabei esan behar genien. Seme zaharrenak ez zuen oso argi ikusten, baina babesa eman zigun; alaba, aldiz, oso pozik zegoen ahizpa izango zuelako. Erraza da, baina ez da samurra. Haurra sendiari egokitu behar zaio eta sendia haurrari. Ezezagun batekin partekatzen ikasi behar dute, baina hizketa eta komunikazio kontua da, akordioak lortu eta aurrera egitea. Neskatilak 10 urte bete zituen iritsi eta berehala; egun, 16 urte ditu eta nerabeen arazo guztiak, baina neska zoragarria da. Beldur asko zituen, eta orain, neska oso normala da.
Zer eman dizue bizipen honek?
Familia bezala asko ikasi dugu, irekiago izaten eta pertsonak diren bezala onartzen. Ingurutik irten eta bizitzak ematen dizunari ireki gara eta egoera zailak bizi arren aurre egin diogula jakitea , Niri gaztetasuna ere eman dit, seme-alabekin bizitakoa berriro egin baitut.
Eta haurrentzat zer onura du?
Beste bide bat badagoela jakitea. Familian bizi daitekeela, bizitako ez dutela errepikatu behar. Gehienei maitasuna falta zaie eta asko eskertzen dituzten arrazoi gabeko muxu eta besarkadak.
Haurrek zer dute komunean?
Kasu bakoitza partikularra da, baina komunean dute babes faltan bizi direla. Gurasoek ezin dituzte zaindu edo ez diete jaramonik egiten. Batzuetan gurasoak kartzelara doaz eta zentro batera bidali ordez, hobe da familia giroan heztea, familiak funtziona dezakeela eta oinarrizkoa dela ikus dezaten.
Zer harrera mota daude?
Epeei dagokienez, epe baterako harrerak eta betikoak daude. Epe batekoa denean, harrera familian egon ondoren beren gurasoekin itzultzen dira. Hauekin bere onera itzultzea lantzen da, gutxieneko baldintzetan itzuli eta baloreak, hezkuntza nahiz tratua izan ditzaten. Betiko denean, aldiz, 18 urte arte gelditzen dira, eta gero, nahi dutena egoteko aukera dute. Bestalde, bi sendi mota daude, beraienak eta kanpokoak. Lehenik, haurren familian geldi daitezen saiatzen dira, aitona-amonekin, izeba-osabekin…; lotura horiek ez galtzeko. Ezinezkoa denean, kanpokoetara jotzen da.
Familiak izan behar al dute derrigorrez ala bikote nahiz norbanakoek ere egin dezakete harrera?
Familia zentzu zabalean da. Ez du seme-alabak dituen bikotea izan behar, ezta bikotea ere, pertsona bakarra izan daiteke, sexu bereko bikotea… Haurrek oztopoak gainditzeko behar duten arreta eta hezkuntza emateko egokiak izatea da aintzat hartzen dena.
Nora jo behar dute?
Beroara edo Aldundira. Gurekin harremanetan jarri eta informazioa emango diogu. Pausoa ematen dutenek, Aldundira jo, eta ebaluazioa nahiz formakuntza izango dituzte. Familia eta ingurua aztertu, eta egokiak badira, aurre egin beharrekoaren berri emango diete, haurrek izugarrizko motxila baitute.