Museum Cemento Rezolako erakusketan Maria Cristina zubiaren maketa dago ikusgai. (Argazkia: Mikel Goñi)
Museum Cemento Rezolak hormigoi armatuaren erabilera ezagutzera emateko lanean jarraitzen du. Bide honi jarraiki, Hormigoi armatua Espainian 1893-1936 erakusketari ostatu emango dio uztailaren 19a arte. Arduradunek, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden hainbat azpiegitura hartu dituzte ardatz.
Espainiako Sustapen ministeriorako lan egiten duen Amaia Saenz da jatorrizko Hormigoi armatua Espainian 1893-1936 erakusketaren komisarioa. Añorgako museoan, berriz, izen beraren azpian bilduma horren hainbat lanen aukeraketa ikusi ahal izango da uztaila arte.
Hain zuzen ere, hautatzea egiteko irizpidea Hego Euskal Herriarekin, eta zehazkiago kostaldeko bi lurraldeekin, zerikusia edukitzea izan da. Hala nola, Donostiako Maria Cristina zubiaren metro beteko maketa edota Urduñako Antiguako Andra Mariaren basilikarena dira 1893-1936 tartean hormigoi armatuz egindako bi lan aipagarri, eta erakusketan ikusgai daudenak.
Anfitrioi eta protagonista
Mota askotako elementuek osatzen dute erakusketa. Besteak beste, maketek, informazio panelek, argazkiek edota ikus-entzunezko piezek betetzen dute Museum Cemento Rezolako behin behineko bildumetarako gela. Azpiegitura handien erreplikekin batera, hormigoiaren historia eta erabilera berezitasunak azaltzen dituzte osagaiok.
Donostiak berebiziko presentzia du bilduman. Izan ere, goian aipatutako Maria Cristina zubiaz gain, hiriarekin harreman zuzena duten beste hainbat elementu baitaude.
Rezola enpresa da erakusketaren anfitrioia eta, hein batean, protagonista. Lantegiak berak badu berari emandako tartea, inguruan egindako lan askoren zementu hornitzailea izan baita. Era berean, XX. mendearen hasieran, lantegi honek Añorga Txikin izan duen eragina ere jaso dute antolatzaileek.
Ez da, beraz, oso erakusketa handia. Baina, interesgarria da Donostian zein beste toki batzuetan hormigoi armatuz 1893 eta 1936 urteen artean egindako azpiegitura handiak maketetan ikustea.