Kategoria bakoitzeko lehenengo lau sailkatuak Euskal Herriko Txapelketan lehiatuko dira (Argazkia: Federazioa)
Gaztekutxa Gipuzkoako Surf Txapelketa bukatu da. Izan ere, behin helduen mailetako lehia guztiak erabakita, 18 urtetik beherako kategoria guztietako lehiak jokatu zituzten asteburuan, Zurriolan. Txapelketa lau mailetan banatu zuten eta guztira, 89 surflari lehiatu ziren.
Larunbatean, 18 urtetik beherako kategorian, 32 partaide lehiatu ziren. Hala, gizonezkoetan, Zarauzko eskolako Manex Bikuña izan zen txapelduna eta bere atzetik, Iosu Alcantara eta Eriz Eizmendi geratu ziren. Emakumezkoetan, berriz, Paula Garciak lortu zuen puntzuaziorik altuena eta Paula Carcamo eta Sandra Rodriguezek jarraitu zioten. 16 urtetik beherako lehian ere 32 partaide ellkartu ziren. Kasu horretan, gizonezkoetan, Imanol Yeregi, Gaizka Vallespir eta Markel Iribar izan ziren lehenengo hiru sailkatuak eta emakumezkoetan, berriz, Noa Iturripea, Idoia Mangas eta Candela Azurza.
Kategoria horietako finalak bukatzean, duela bi asteburu eguraldi txarraren ondorioz bertan behera geratutako Longboardeko lehia ere jokatu zuten. Bertan, zortzi surflarik parte hartu zuten eta Gabi Garcia, Mikel Urigoitia eta Christian Haro izan ziren onenak.
Igandean, 14 eta 12 urtetik beherako kategorietako gazteak aritu ziren lehian. Olatu politekin gozatzeko aukera izan zuten gazteek eta iparraldeko haize leuna eduki zuten.
14 urtetik beherako kategoriari dagokionean, gizonezkoetan Lander Davila, Inaxio Illarramendi eta Pablo Azpiroz izan ziren lehenengo hiruak. Emakumezkoetan, berriz, June Erostarbe, Sara Ayesa eta Elena Aldareguia izan ziren lehenak. 12 urtetik beherakoetan, aldiz, Joanes Chaparrok, Asier Iriondok eta Ruben Vitoriak osatu zuten podiuma eta emakumezkoetan, Maddi Aizpurua eta Nadia Erostarbe izan ziren partaide bakarrak.
Kategoria guztietako lehenengo lau sailkatuek Euskal Herriko txapelketan parte hartuko dute, abuztuaren 28an, Zarautzen.