Jangelako langileak, kalean
Hiru ikasturtez luzatzen ari da jangeletako langileen lan gatazka. Konpontzeko bidean zegoela bazirudien ere, egun, negoziaketak kolokan daude. Ondorioz, langileek mobilizazioei ekin diete berriro. Gaur arratsalderako deitutako manifestazioa izan zen lehen protesta, baina horren ondotik, hiriko 25 ikastetxeri eragingo dion greba egingo dute etzi
Lan uztea egingo duten artean dago Maribel Alberdi antiguatarra. Jangelan aritzeaz gain, negoziaketetan parte hartzen ari den LABeko delegatua ere bada. Alberdik azaldu duenez, greba egun askoren ondoren, iaz negoziazio mahaia hautsi egin zen, pasa den urriaren 28an bilera batera deitu zituzten arte. Orduan jakinarazi zieten Eusko Jaurlaritzak eta EHIGEk formakuntzarako eskatzen zituzten orduak ematea adostu zutela. Denbora hori informak edota plangintza bilerak egin eta haurrekin egoteko nahi dute langileek.
Aldarrikapena lortu zutela pentsa baliteke ere, erabakia ez zen langileen atseginekoa izan. Izan ere, prestakuntza gauzatzeko bideak enpresak bere kabuz erabaki baitzituen. “Guk hitzarmenaren barruan planteatzen genuen, baina enpresak hortik atera du”. Horrek erabakia datorren ikasturteetarako zalantzan jar dezakeela uste dute jangeletako langileek. Akordioa jasotzen ezean, ordu horiek murriztea edota kentzea gerta daitekeelako.
Bestalde, ordu gehigarri eta boluntario bezala gauzatzen ari dira prestaketa saioak. “Ez gaude ados, guk ez genuen boluntario izatea nahi eta ditugun lanaldiekin –ordu eta erdi, bi ordu edo gehienez hiru ordukoak– ordu gehigarriak egitea ez dugu onartuko, lanaldiaren parte izatea nahi dugu” eta ikastetxe bakoitzeko jangelako arduradunak erabaki behar du zenbat langile eta zenbat ordu behar diren horretarako. “Ez da serioa, horrek gure lana izan behar du derrigorrez. Lanaldiaren zati bat umeekin, eta bestea gabe, prestatu ahal izateko”.
Gurasoak, haserre
Mobilizazioek ezustean hartu dituzte guraso asko. Antiguatarraren hitzetan, “nahastuta eta haserre daude, ez baitute gertatzen dena ulertzen. Jangelako kuota igo egin diete formakuntzari aurre egiteko eta EHIGEk gezurretan ari garela dio, 18 orduak baditugula”. Prestakuntza orduak egiteko moduarekin bat ez etortzeaz gain, beraien soldata hezkuntza saileko langileenari berdintzea ere eskatzen dute.
Urrian zehaztu zuten bilera egutegiari jarraituz, astean behin egin dituzte negoziazio bilerak. Azken aldian, ordea, hiru astean behin elkartzen dira, eta enpresa ordezkarien tokian erabakirik hartu ezin duen abokatu batek parte hartzen du. Hori horrela, egunotako ekintzak enpresak “serio hartu” eta hitzarmena martxan jartzea lortu nahi dute. Hala izango ez balitz, “langileekin erabakiko dugu hemendik aurrera zer egin”.