1936ko gerrako haurren ahotsak
Okendo kultur etxean proiektatuko dute bihar, osteguna, Maider Oleaga bilbotarraren ‘Amaren ideia’ filma
Luciak, Josek eta Alfredok laurogei urtetik gora dituzte. Euren bizitza betiko markatu zuen gertaera batek elkartu ditu. Espainiako 1936ko gerran erbesteratutako haurrak dira. Betiko banandu zituzten euren familiengandik. Aldi baterako izan zen hasieran, baina inoiz ez ziren itzuli Euskal Herrira. Hirurak Mexikon bizi dira egun. Maider Oleaga zinemagile bilbotarra Euskal Herria eta Mexiko artean bizi da. Idi Ezkerra Fundazioak 1936ko gerrako haur haiek elkarrizketatzeko agindu zioten. Eta Oleaga haiekin «maitemindu» egin zen. 2008an omenaldia egin zieten Euskal Herrian eta haiekin itzuli zen zuzendaria: «Haien herrialdearekin adiskidetzeko modua izan zen hura. Zure familiatik banantzea eta beste herrialde batera joan behar izatea ez da edonolako esperientzia. Bizimodu desberdina izan dute haur hauek. Beraientzat ez da erraza izan oroitzapen horiek guztiak gogora ekartzea. Mingarria izan da». Okendo kultur etxean emango dute bihar, 19:00etan, Amaren ideia dokumentala, «Errepublikaren 80. urtemugan».