Antenak "oinarririk gabeko kezka" direla dio Udaleko Ingurumen zuzendariak
Bulebarrean nahiz Uliako puntan, edonor sakelekotik hitz egiten ikustea ez da batere arrotza. Askorentzat «telefono mugikor hau estalduraz kanpo» dagoela entzutea ernegatzeko arrazoi bilakatu da. Horregatik, uhin elektromagnetikoak txokorik galduenetara heltzea da telefonia enpresen ardura nagusia, eta nahitaezkoa dute hiriko teilatuak antenez hornitzea.
Hain zuzen, antenek erdietsi duten teilatuen konkistarekin hainbat herritar daude asaldaturik. Antenarik ez taldeko kideek ez ezik, Egiako Alkolea kaleko bizilagun talde batek ere Quironen dauden antenak bertatik kentzeko borroka ixilean urteak daramatzate.
Antenek euren osasunean eragin dezakeen kaltea justifikatuta al dago? Mamu horiei jaramon egiteko arrazoi sendorik ez dagoela adierazi du Victoria Iglesias Ingurumen saileko zuzendariak. «Oinarririk gabeko kezka» dela dio. Uhinen indarrari dagokionez, larritzeko kopururik ez dela zabaltzen ziurtatu du.
Neurketarik altuenak 6 mikrowatt/cm2 inguruan egongo direla zehaztu du. Aurreko urtean egindako neurketa guztiek araudiak ezartzen dituen bermeak bete zituztela ziurtatu du Ingurumen zuzendariak. Hori dela eta, igorpen neurriak aldatzeko «argudiorik ez» dagoela jakinarazi du.
Antenak kentzearen aldekoek, aldiz, kopuru hori oraindik gehiago murriz daitekeela uste dute. 0,1arekin hiri osoan estaldura bermatuta legokeela baieztatu dute. Indarra jaitsiz gero, bazter guztietan estaldura bermatu ahal izateko, antena kopurua ugarituko litzatekeela ohartarazi du Victoria Iglesiasek, «horrek duen eragin psikologikoarekin», dio. Antena kopurua ez ugaritzeko, zutabe berean hainbat antena jartzeko hautuaren alde egiten ari direla argitu du Ingurumen saileko arduradunak.
Azterketa erabakiorrik ez
Iglesiasek, era berean, antenek igortzen dituzten uhinak osasunarentzat kaltegarri diren ala ez frogatzen duen azterketa erabakiorrik ez dagoela nabarmendu du. Medikuntzan uhin terapeutiko gisa ere erabiltzen direla gaineratu du. Hortaz, uneoro mugikorretik zintzilik egotea onuragarria ez dela dioten ikerketak kaleratu diren bezala, antenak osasunarentzat kaltegarriak diren oinarri zientifikorik ez dagoela esan du.
Bakarra
Hala ere, Quiron erietxearen pareko bizilagunen kezka ulertzen duela aditzera eman du; kezkak, ordea, errealitatearekin bat egiten ez duela nabarmendu du.
Victoria Iglesiasek egindako errepasoaren arabera, antena bakarra egongo litzateke egun erietxeko teilatuan martxan. Izan ere, azken urteotan telefonia enpresa desberdinek lau baimen eskaera egin dituzte eta bakarrak egin du aurrera.
Hain zuzen ere, baimenetako bat bertan behera geratu dela, beste bat epailearen erabakiaren zain dagoela eta jarritako beste antena bat deskonektatuta dagoela argitu du Ingurumen zuzendariak.