Erbestean bizitzera kondenatuak
‘Chagos ou la memoire des iles’ dokumentala aurkeztu du Michel Daeron zinemagile frantsesak
XVI. mendean portugaldarrek aurkitu zuten Chagos uhartedia. 1784an, ordea, Frantziak okupatu zuen. Afrikatik ekarritako hainbat esklabo eraman zituzten bertara. Waterlooko batailaren ondoren, 1814an, Erresuma Batuak hartu zuen. Gerra Hotzean, berriz, AEBk lurralde estrategikotzat jo zuen Chagos, eta Erresuma Batuarekin alokairu kontratua sinatu zuen. Chagos okupatu eta bertan, AEBk bere lurraldeetatik kanpo duen base militarrik handiena sortu zuen. Zer gertatu zen bertako 2.000 biztanleekin? Bota egin zituzten, erbestean bizitzera kondenatu zituzten. 1973an hasi ziren chagostarrak, indarrez eta etxez etxe, erbesteratzen. Haien lekukotzak jaso ditu Michel Daeron zinemagile frantsesak Chagos ou la memoire des iles dokumentalean. Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatuko dute bihar, osteguna, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian.
Egun bateko bisita Haien etxeak, oroitzapenak, arbasoak, eta objektu pertsonal guztiak irla haietan utzi behar izan zituzten. Mauricio eta Seychelles irletara eraman zituzten. Mauricion zela ezagutu zuen, ustekabean, chagostarrek euren lurraldera itzultzeko urte luzez egin duten borroka: «Erresuma Batuaren enbaxadan ikusi nituen protesta egiten, eta orduan ezagutu nuen chagostarrek sufritu dutena. Lanean hasi nintzen berehala. Inoiz egin dudan filmik zailena izan da. Bederatzi urte igaro dira lanean hasi nintzenetik», azaldu du zuzendariak. 2001ean, Londresko Auzitegi Gorenera jo zuten chagostarrek. Epaiketa irabazi eta haien irletara itzultzeko eskubidea aitortu zieten. 2006ean, ordea, solik egun bateko bisita egin ahal izango zutela jakinarazi zieten. Dokumentalean egun batez euren lurraldea berriz ere ikusteko aukera izan zuten 100 chagostarren bidaia irudikatu du Daeronek. Bertara iristean AEBetako soldaduen begiradapean egingo dute haien arbasoen hilarrietan, haien etxeetan eta haien hondartzetan zehar bisita.
Chagostar guztiak ontzietan sartu eta erbesteratu zituzteneko eguna gogora ekarri dute protagonistek.«Askok bere buruaz beste egin zuten. Bizimodu jasanezina sufritu baino, hiltzea nahiago zuten», edota «zuriak izango bagina ez genukeen egoera hau sufrituko», filmean jasotako adierazpen batzuk dira.
Chagostarrak, etsiak hartuta Chagostarrak nekazaritza, arrantza eta abeltzantzaren bidez ateratzen zuten bizimodua: «Lasai bizi ziren paradisu moduko irla haietan, ozeano indikoaren erdian. Erbesteak miseria egoeran eta txirotasunean bizitzera kondenatu zituen. Diskriminatu egiten dituzte Chagosekoak direlako». Euren herrialdea berreskuratzeko borroka ez dute bertan behera utzi, baina etsiak hartuta daude: «Ez dakite nola egin aurrera. Ez dute ulertzen zergatik ez den justizia egiten, erbesteratze hura ilegala izan baitzen. AEBek, ordea, Nazio Batuen Erakundearen aurrean Chagos biztanlerik gabeko irla zela esan zuen. Horrela lortu zuen basea egitea. Egun, Irak, Afganistan eta Ekialde Hurbileko herrialdeak bonbardatzeko ere erabiltzen du Chagos».