Hondar gaineko arrantzaleak
La Zurriolako Barcelo taldea Euskadiko Arrantza Txapelketako garailea izendatu berri dute; egindako lan onari esker, Espainiako lehian ere parte hartuko du.
Arrantza denboraldia ireki berri dute Gipuzkoan eta Donostian ez dira falta afizio hori gogoko dutenak. Gainera, badira gutxienez arrantza ardatz duten bost elkarte: El Cangrejo, Intxaurra, Antxeta, Mons eta La Zurriola. Zehazki, azken elkarte horretako kideetako batzuekin elkartu da Irutxuloko Hitza. Izan ere, horien artean zaharrena da Groseko La Zurriola elkartea, 92 urteko historiarekin. Gainera, azken lau urteetan arrantza sailari bultzada handia ematen ari dira eta Euskadiko txapeldunak izendatu berri dituzte.
Jesus Beorlegi arrantza delegatua da La Zurriolan eta Juan Karlos Berridik ere berarekin lan egiten du zuzendaritzan. Beraien hitzetan, berez ehiza eta arrantza elkartea den arren, arrantza lantzen dute bereziki. Hala ere, pixkanaka ehiza arloa ere errekuperatzen ari dira. Guztira, 80 bazkide ditu La Zurriolak eta horietatik 25 inguruk bakarrik arrantzatzen dute. Hala ere, 100 federatu fitxa egiten dituzte, horietatik 20 haur mailakoak. Horrela, bazkide ez direnek ere euren izenean arrantzatzeko aukera izaten dute inguruko elkarteek antolatutako lehiaketetan. Guztira, 12 lehiaketa inguru izaten dituzte urtean zehar eta Donostiako eta Gipuzkoako gainontzeko elkarteek egiten duten moduan, La Zurriolak ere bere lehiaketa antolatzen du hirian.
Lehiaketa horretaz gain, beste txapelketa bat ere antolatzen du Groseko elkarteak, Txuriko Ostadar izenekoa. Bertan, elkarteko kide bakoitzak down sindromea duen Atzegiko kide batekin batera egiten du arrantza. Iaz berreskuratu zuten, hainbat urtez antolatu gabe egon ostean, eta aurten ere badu data, ekainaren 18a.
Garrantzitsuak, hondartzan
Elkarteen arteko lehiaketak ez bezala, benetako garrantzia izaten duten txapelketak hondartzetan jokatzen dituzte. Goi mailako lehiak izaten dira eta Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak normalean egun bat edo bikoak izaten dira. Gainera, lehiaketetan ez bezala, txapelketa horietan ez dituzte arrainak hiltzen. Hala, oxigenoarekin bizirik mantentzen dituzte animaliak eta, behin epaileek neurtu ondoren, itsasora itzultzen dituzte. Iraupenari dagokionean, senior mailako elkarteen arteko lehiaketak lauzpabost ordukoak izaten diren bitartean, txapelketek sei ordu iraten dute. Askotan, bi zatitan banatuak.
Aurten, zorionekoa da La Zurriola. Izan ere, martxoa bukaeran jokatutako Euskadiko txapelketako lehen bi postuak bereak izan ziren. Hondarribiako hondartzan jokatutako lehia hartan, zortzi klubek parte hartu zuten eta honako kideek osatutako La Zurriolako Barcelo taldea izan zen garailea: Fernando Agirrebengoa, Pedro Azpeitia, Mikel Galdona, Unai Gomez, Iñaki Ramos eta Kiko Ramos (delegatua). Orain, urriko Espainiako Txapelketarako prestatzen ari dira eta zorionekoak dira horretan ere, etxetik gertu izango baitute, Zarautzen.
Mikel Dominguez, La Zurriolako Barcelo taldeko kidea:
”Lan ona egiteko esperantza, indarra eta gogoa ditugu”
Mikel Dominguez (Usurbil, 1982) La Zurriolako Barcelo taldeko kidea da, azken hiru urteetan. Euskadiko Txapelketa irabazi du taldearekin eta urrian jokatuko duten Espainiako Txapelketan ere izango da.
Nondik datorkizu arrantzarako zaletasuna?
Eskolako lagunekin hasi nintzen errekan arrantzan eta gero utzi egin nuen. Aurrerago, koadrilako lagun batekin hasi nintzen asteburuetan gauez arrantzara joaten, Unaiekin. Iñaki eta Fernando lankideekin ere elkartu ginen eta orain guztiak taldekideak gara.
Aspalditik zara La Zurriolako kide?
Klubean nagoen hirugarren urtea da eta oso oso gustura gaude. Oso giro ona dago eta ahal duten guztian laguntzen digute. Gainera, gure artean ere oso ongi moldatzen gara eta tarteka bazkari edo afariren bat egiten dugu.
Orduan hiru urte daramatzazu txapelketetan parte hartzen?
Txapelketetan parte hartzeagatik sartu ginen klubean. Igandeetan kluben arteko txapelketak egoten dira kostaldean, arroken artean. Txapelketa serioenak hondartzetakoak izaten dira. Maila gehiago egoten denez, lehia handia egoten da eta teknikoagoak dira.
Euskadiko Txapelketa irabazi berri duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ahaztezina. Gu ez ginen faboritoak, esan bezala, duela hiru urte hasi baikinen txapelketetan parte hartzen eta lehian urteak zeramatzaten taldeak zeuden. Baina oso lan ona egin genuen eta oso gustura aritu ginen. Lehen txandan bigarren postuan geratu ginen eta bigarren txandan gora igo ginen. Txapeldunak geratu ginen eta oso lan ona eginda, gainera.
Taldekideen arteko koordinazioa ere garrantzitsua izango da, ezta?
Zortzi talde ginen, bi bizkaitar eta gainontzeko guztiak gipuzkoarrak. Talde bakoitza sei lagunek osatzen dute; bost arrantzale eta delegatua. Gure delegatuak oso lan ona egin zuen eta taldekideak egiten ari ginenaz ongi informatu gintuen. Denak oso ongi aritu ginen.
Garaipenari esker Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortu duzue. Zein da zuen asmoa?
Urriaren 7an eta 8an izango da Espainiako Txapelketa, Zarautzen. Txapelketa jokatuko den tokia gertukoa izatea gure alde dago. Izan ere, praktikatzera joateko aukera dugu eta tokia ongi ezagutzen dugu. Maila oso altua izango da, baina lan ona egiteko esperantza, indarra eta gogoa ditugu.
Txapelketetan parte hartzeaz gain, jarraitzen duzu afizioz arrantza egiten?
Bai, bai! Taldekideek gure artean oso giro ona daukagunez, elkarrekin joaten gara. Ia ostiral gau guztietan joaten gara, gehienetan hondartzara eta itsasoak aukera ematen badu, Frantziara joaten gara, Frantziako kostaldean hemen baino arrain gehiago mugitzen baita. Itsaso zakarra dagoenean, gure inguruan, ahal dugun tokira joaten gara. Hondartzako arrantza askoz ere atseginagoa da.