(Argazkia: Mikel Goñi)
Antzinako musikaren jardunaldiak egin dituzte aste honen hasieran, Musikenen. Bertako ikasle batzuek musika ikasketak dantzen ezagutzarekin osatzen dituzte, eta dantza historikoak ikasgaian ikasitakoaren erakustaldia egin dute, ikaskideen aurrean.
Diana Campoo irakaslea izan da dantza historikoak ikasgaia emateko arduraduna. Bere ikasleak musikari izateko prestatzen ari badira ere, oso pozik dago ikasturtean egindako lanarekin. «Oso ondo jardun dute eta emanaldi honetara ondo iritsi dira».
Campook azaltzen duenez, dantza historikoak musika ikasleentzat interesgarriak dira, «dantzarako musikak musika klasikoaren errepertorioa osatzera pasatu direlako». Horren adibide gisa, Bach konpositorearen suite-ak aipatu ditu irakasleak.
Bestalde, etorkizuneko musikariok joko duten musikaren alderdi praktikoa ezagutzeko helburua azaldu du ikasgaiaren arduradunak. Errepertorioa aukeratzeko garaian, bi irizpide izan dituzte buruan. Horietan lehena zailtasuna izan da. Campook zehaztu duenez, «dantza alorrean formakuntza ez duten ikasleentzat zailtasuna mailakatua izatea da helburua».
Beste irizpidea askotarikoa izatea izan da. Hori dela-eta, hainbat jatorri eta garaiko dantzak izan dira ikusgai Miramar Jauregiko dantza aretoan; besteak beste, Ingalaterrako kontradantzak edota Italiako spagnoletta. Horiek guztiak XV. eta XVIII. mende artekoak da; hau da, antzinakoak.