"Loari eragiten diola oso zabaldua dago gure artean"
Lagun deserosoa dute Egiako Alkolea kaleko bizilagunek bizkar gainean: Quiron erietxeko antena sorta.
Antenek euren osasunean sor ditzaketen ondorioen beldur dira Quiron erietxea aurrez aurre duten Alkolea kaleko bizilagunak. Leihoetatik zintzilik dituzten pankartak dira kezka horren erakusle.
Bi urte beteko dira Quiron erietxean dauden antenen aurka protestan hasi zinetela. Zein da egungo egoera?
Telefonicak egin zuen 2007an antena jartzeko eskaera. Harrez gero, erietxeko zuzendariak interesa izan duten operadore guztiei ireki dizkie ateak. Antenak jartzeko zutabe bat jarri dute urtero eta, uste dugunez, hiru zutabe eta hiruzpalau antena daude egun. Operadoreetako batek ez du baimenik eta antena itxi egin dute. Hala ere, epaileak baimena eman orduko, martxan jartzeko moduan egongo da. Zutabe bakoitzean, antza, hiru antena jar daitezke; bederatzi antena jartzeko lekua legoke, beraz.
Telefonia enpresek antenaren bat jartzeko baimen eske udalera jo duten bakoitzean alegazioak aurkeztu dituzue.
Osasunean duten eragina dela-eta, konpainiei baimenik ez emateko alegazioak aurkeztu ditugu. Bidalitako 303 alegazioei ez diete erantzun, baina. Alegazioak erantzutea nahi dugu, baina ez dugu erantzunik jaso. Antenek osasun arazoak sortzen ez dituztela egiaztaturik balego, erantzungo lukete. Bien bitartean, zain gaude. Alkatearekin elkartzea ere eskatu dugu, baina isiltasuna da nagusi.
Antenena negozio biribila dela diozue.
Diotenez, urtean 12.000 euro jasotzen ditu Quironek teilatuan antenak izateagatik. Bederatziak jarriko balituzte, milioiak irabaziko lituzteke. Diru-ekarpen ikaragarria da.
Teilatua antenaz betetzeko ez al dago trabarik?
Donostian, 150 inguru daude. Bide beretik jarraituta, kopurua ikaragarri haz daiteke. Salzburgon (Austria), berriz, lau antena besterik ez dituzte eta hiri osoak du estaldura. Mendian lau jarri dituzte, behar bezala zuzenduta, eta bazter guztietan dago estaldura.
Hiriko teilatuak apaintzen dituzten antena ugari alferrik daude, orduan?
Operadoreek ez dute osasuna babestea helburu, bezeroak lortu eta negozioa egitea baizik. Hala ere, telefonia enpresa bakoitzak estaldura berma dezan, beharrezkoa ez den antena andana jartzen ari dira. Hainbat zientzialarik eta Europako Batasuneko legebiltzarrak ontzat jotzen duen 0,1 mikrowatt/cm2 mugaren zati txiki-txiki batekin ere estaldura bermatuta legoke.
Quiron erietxeko zuzendariak ba al du zuen kezkaren berri?
Bai, horixe. Dirua irabazteko gogoak, ordea, gainditzen du. Hirugarren antena jarri zutenean, 2009an, elkartzeko eskaera egin genuen, antenek gure osasunarengan izan zitzaketen ondorioz ohartarazteko. Zuzendariak, ordea, Osasunerako Mundu Erakundeak gure beldurrak ez zituela berresten erantzun zigun. Erietxeko langileek, bestalde, ez zuten 2007an jarri zuen lehen antenaren berri izan. 2009ra arte ez zuten ezer jakin, eta jakin zutena guk esandakoagatik izan zen. Bilera horretan, halaber, antenak erietxeak behar besteko estaldurarik ez zuelako, eta auzokoen mesedetan jarri zituela esan zuen. Ondoan bizi garen bizilagunok, ordea, ez genuen halako arazorik. Beranduago langileekin baieztatu ahal izan genuenez, haiek ere ez zuten estaldura gabeziarik.
Gorabeherarik izan al duzue zuzendariaren eta bizilagunen artean?
Bitan mehatxatu gaitu, antenen kontra kartelak jartzeagatik. 2009an eta duela zenbait hilabete salaketa jarriko gintuela zioen pankarta bidez iraintzeagatik. Honenbestez, gure eskariei erantzun beharrean, nahiago du mehatxu egin. Ez du batere erraz, inork ezin duelako baieztatu antenak osasunaren kalterako direla esatea gezurra denik.
Antenek osasunarengan izan dezakeen eraginak egunerokoan islarik ba al du?
Lo behar bezala ez egitea izan daiteke ondorioetako bat. Nire emazteak ez du lehen bezain ondo lo egiten. Loari eragiten diola oso zabaldua dago gure artean. Horrek, nola ez, beste gaixotasun batzuk eragin ditzake. Adituek ere minbizi, leuzemia eta bestelako gaixotasunekin lotzen du. Lehenengo sintomak, beraz, agertu dira eta horrek ezinegona eragiten du. ‘Ez dut lehen bezala lo egiten, zer gertatzen ari da?’ galdetzen diote askok bere buruari. Bizilagunok egunero 18-20 bat ordu pasatzen ditugu etxean batez beste. Uhinen eraginpean, beraz, ordu asko igarotzen ditugu eta larritzekoa da.
Erakundeek ez dute mugarik jartzeko asmorik?
Espainiako Gobernuak indarrean duen legeak nahi duen guztia egiten uzten die enpresei. Nahi adina antena jar ditzakete, oso zaila baita ezarritako gehienezko muga gainditzea. Askatasun hori murrizteko, zenbait udalek muga zorrotzagoak ezarri dituzte. Neurriak ezartzeko egin duten lana bertan behera uzteko asmoz, operadoreek auzitara jo dute. Auzitegi Gorenak, ordea, udalek horretarako eskumena badutela ondorioztatu du.
Donostiako Udalak, ordea, ez du murrizketarik ezarri.
Donostiako Udalak 2002an kaleratutako araudiak Espainiako legea du oinarri eta ez du eskola, erietxe edo bestelako eremu berezientzat aparteko bereizketarik egiten. Operadoreek, beraz, nahi dutena egiten dute. PSE-EEk eta PPk, gainera, igorpen irizpideak mantendu nahi dituzte eta eremu bereziei ez diete jaramonik egin. Mugak ezartzeko eremu bakoitzean banan-banako azterketak egingo dituztela zehazten du udal araudiak. Alderdi hauen kezka nagusia, aldiz, zerga bidez dirua bildu ahal izatea da. Osasunak ez die inolako buruhausterik eragiten.
Udalak zarata kontrolatzeko neurketak egiten dituen moduan, uhinen indarra neurtzerik izango luke?
Leganesek 0,1eko muga ezarri du eta muga hori ez gainditzeko kontrolak egiten dituzte. Leganeseko bi tekniko Donostiara etortzeko prest egon ziren egiten zuten lanaren berri emateko. Udal arduradunek, berriz, ez zuten interesik izan.
Gainontzeko alderdiek zer diote muga horren inguruan?
Arduratuagoak daudela dirudi. Donostiako Udalean, aldiz, ez dute gehiengorik. 0,1eko kopurua ezartzeko prest baleude, eta eremu berezietatik antenak 100 metrora urruntzeko baldintzak ezarriko balira, egoera ikaragarri aldatuko litzateke.
Osatzen ari den araudi berriarekin itxaropenik izango duzue.
Gehiengoaren araberakoa izango da araudi berria. Murriztearen alde daudenak egun defendatzen duten horri tinko eusteko prest egongo diren ala ez ikusteko baitago. Argi dugu, PPk eta PSE-EEk beren astoari egingo diotela arre, nahiz eta beste hainbat udalerrietan bestelako jarrera izan. Hauteskundeak baino lehen ez dugu uste murrizketek aurrera egingo dutenik. Egungo udal ordezkarien gehiengoa aldatuko balitz, murrizketek aurrera egiteko aukera handiagoa legoke, ordea.