1912. urtean inauguratu zuten Maria Cristina hotela (Argazkia: Xabier Etxabe)
1912. urteko inaugurazioak izan zuen distira berberarekin irekiko ditu Maria Cristina hotelak ateak, 2012an, mendeurrenaren ospakizunetan. XXI. mendean ere erakargarri eta lehiakor izateko atonduko du bere burua. Txukunketa lan horietarako, baina, hotela itxi beharko dute. Zinemaldia amaitu ondoren, urriaren 9an, aurreikusi dute hotela ixtea. Lanak bukatzeko bederatzi hilabete beharko dituzte eta 19,5 milioi euro gastatuko dituzte.
Odon Elorza alkateak azaldu duenez, Udalarena da eraikina. Stawood kateak du, ordea, 2038 urtea arte kudeatzeko baimena. Eraikina Udalarena denez, eraberritze lanetarako ekarpena egin behar duela zehaztu du Elorzak. Hiru milioi euro inguru izango direla kalkulatu du. Eraikina hotel-katearen esku uzteagatik, Udalak 600.000 euro inguruko saria eskuratzen du urtero. Hori dela eta, urtetik urtera egindako ekarpena berreskuratzeko aukera izango dutela adierazi du.
Kanpoaldeak 1912ko itxura berbera mantentzearekin bat, barrualdean ere hainbat gelek XX. mendeko xarmari eutsiko diote. 136 logela ditu hotelak eta batzuen itxura bere horretan utziko badute ere, beste batzuk, egoera kaskarrean dauden logelak, zehazki, goitik behera berrituko dituzte.
Terraza
Maria Cristina puzzlearen azken pieza izango dela azaldu du Elorzak, hotelak inguruan dituen Santa Katalina eta Okendo plazak nahiz Victoria Eugenia antzokia eraberriturik daudelako jada. Hoteleko terrazak, kristalezko egitura batekin, ibai bazterra eta inguruarekin bat egin dezakeela proposatu du.