Mintzodromoa, euskal hiztunen ondare

Eraikin modernoa berriarekin bateratu eta gero, museorik erakargarrienen artean kokatu dute San Telmo. Euskaldun zaharren eskarmentua eta euskaldun berrien kemena uztartuta, euskara egunerokotasunean erabiltzeko tresna moderno eta baliagarria dela erakutsi dute Mintzodromoan parte hartu duten herritarrek. Guztiek San Telmon abuztuaren 21a arte zabalik egongo den 6 mila milioi Beste erakusketari beste mila milioi hitz eta elkarrizketa erantsi zizkieten, atzo, goiz eta arratsaldez egin zuten ekimenean.
San Telmo zaharberrituak abian jarri duen lehen erakusketan 75 herrialdetan filmatutako 5.000 elkarrizketa baino gehiago ageri dira. Maitasuna, guda, erlijioa… Hamaika gai jorratzen dituzte erakusketako protagonistek. San Telmora hurbildutako hizlariek, berriz, hiru gai izan dituzte mintzagai: familia, lehen oroitzapena/ haurtzaroko ametsak eta klimaren inguruko testigantzak. Gai bakoitza lantzeko, hamabost minutu.
Museoko aretoa bete duten 23 mahaietan eseritako lagunek ez dute denbora alferrik galdu, gehienek elkar ezagutzen ez bazuten ere, inongo beldurrik gabe aritu baitira hitz eta pitz.
Solasean aritu bakarrik ez, oharrak hartzeko adina kontu esan dituztela aitortu du Ane Urbizak, hirugarrengoz Mintzodromoa ekimenean ari zen partaideak. «Asko ikasi dut», dio. Hizkuntzarekin lotutako esapideekin baino, solasean aritutako lagunek adierazitakoarekin ikasi du gehien euskaldun zaharrak. Ez zekizkien klima aldaketaren inguruko xehetasun ugariren berri izan zuela edo haurtzaroko bizipenak gogoratzeko gizakiak duen gaitasunaren ingurukoak ezagutu dituela esan du. Zahar nahiz berri, euskaldun guztientzat baliagarria den ekimena dela adierazi du. Euskaltegietan jo eta ke ari diren ikasleentzat, gainera, gelan egiten dutena baino askoz ere ariketa informalagoa dela gaineratu du.
Hitz egiteko gogoz geratu direnentzat, Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak, San Telmok, Euskararen Udal Patronatuak eta hiriko hainbat euskaltegik beste bi saio antolatu dituzte museoan: maiatzaren 11n, bata; eta ekainaren 8an, bestea.