Otsailean baino 156 langabe gehiagorekin amaitu da hilabetea; guztira, 10.256 donostiar ari da lan bila
Lehen sektorean langabe kopuruak behera egin du martxoan. (Argazkilaria: Mikel Goñi)
Ez du hobera egiten. Langabeziak etengabe hazten jarraitzen du Donostian. Otsailean 10.000ko muga gainditu zuen Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak ezagutarazitako datuen arabera, martxoko zenbaketak 156 langabe gehitu dizkio datuari (guztira, 10.256). Hau da, %1,5 hazi da hiriko langabeen taldea azken hilabetean. 2010 datu txarrena izan zen martxokoarekin alderatuta, igoera %4,5ekoa izan da; baina bi urte atzera eginez gero, ia %27koa da.
Lanik gabe gelditu direnen profilaren arabera, emakumeak dira, beste behin, kaltetuenak. Martxoan lana galdu zuen donostiar gizonezko bakoitzeko bi emakume batu zitzaizkien langabe ilarei. Orotara ere, gehiengo dira: 5.391 emakumezko, 4.874 gizonezkoren aldean. Hala ere, azken hiru hilabeteetako bilakaera ikusita, aldea murriztu egin da. 2011n lana galdu duten 372 donostiarretatik, 189 emakumezkoak dira eta 183 gizonezkoak. Adinari dagokionez, berriz, hiriko langabeen erdia baino gehiago, %52, 25 eta 44 urteko arteko tartean kokatzen da. 25 urte azpikoen kopurua %10 hazi da, 661 lagun izatetik 724 izatera pasatuz. Jaitsiera bakarra, txikia bada ere, 45 urtetik gorakoen artean izan da, 23 langabe gutxiago baitaude.
Sektoreetako datuei dagokienez, langile gehien dituzten alorrek hazten jarraitu dute. Berri positibo bakarrak, aurretik lanik ez zutenen alorrean eta lehen sektorean izan dira. Biek ala biek behera egin baitute, apal bada ere.
Auzoz auzoko datuei erreparatuz gero, azken asteetan egoera ez da gehiegi aldatu. Auzo populatuenak daude zerrenda beltzaren lehen postuetan: Altza, Amara Berri, Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo eta Intxaurrondo. Hurrenez hurren, 1.595, 1.195, 1.193 eta 1.077 langabe dituzte.
[box]
Xabier Alvarez Loyarte. Langilea
«Lantzat hartu dut lanpostua aurkitzea»
Langabe kopuruak gora egin arren, martxoan zortea izan duenik ere bada. Xabier Alvarezek (Altza, 1981), esaterako, bi aldiz aurkitu du lana krisi garaian.
Zenbat denbora egon zara lanik gabe?
11 aste. Dezente da. Fakultateko lagunak ditut 10 bat hilabetez lanik gabe egon direnak, baina niri luze egin zait.
Langabezian egon zaren lehen aldia al zen?
Ez. Ikasketak lana nuela amaitu nituen, baina iaz bi hilabetez egon nintzen lanik gabe.
Espero al zenuen horren azkar berriro lanean aritzea?
Ez dakit oso azkar izan den edo ez. Oraingoan gehiago kostatuko zitzaidala uste nuen, egoera okerrago baitago. Hala ere, lan eskaintza gehiago zeudela zirudien eta, azkenean, zortea izan dut.
Zergatik gelditu zinen lanik gabe?
Kontratua amaitu zitzaidan eta, enpresaren lan karga eta erritmoa murriztu egin zenez, kostuak murrizten hasi ziren.
Zer egin zenuen lana aurkitzeko?
Lantzat hartu dut lanpostua aurkitzea. Enplegu Zerbitzu Publikoan eta interneten dauden lan bilatzaile nagusietan izena eman nuen. Egunero bizpahiru aldiz bilaketa egiten nituen; lan eskaintzetan izena ematen lehenetakoa izatea oso garrantzitsua baita.
Aldi Baterako Laneko Enpresetara jo al duzu?
Ez, ez naiz horraino iritsi. Hori hurrengo pausoa zen.
Sektorez aldatzea pentsatu al zenuen?
Ez, oraindik eskaintzak hautatzeko aukera nuela uste dut, baina, ordainsaria amaitu eta egoera larritzen doan heinean, bestelako etara bidaltzen hasi behar da!
Postu berriak aurretik zenuenarekin loturarik ba al du?
Gauza bera egiten dut, baina enpresa txikiago batean. Kontabilitate eta fakturazio lanetan aritu nintzen, eta orain lan bera egiten dut Altza autobusetan.
Nolako lan baldintzak dituzu?
Lanaldi osoko urtebeteko kontratua dut, eta gero ikusiko da. Krisia igarotzeko haina izatea espero dut. Etxetik gertu nago eta horrela ere gastuak murrizten ditut.
Altzatarra zara eta bertan egiten duzu lan. Langabe gehien dituen auzoa dela nabaritzen al da?
Ez dut auzo bizitza gehiegi egiten, baina ezetz esango nuke.
Jon Causo Mujika. Langabea
«Hau konpontzeko inorengan konfiantzarik ez dut»
Jon Causo Mujika
Krisiaren ondorioz lan egiten zuen denda ixtean, Jon Causo (Gros, 1972) lanik gabe gelditu da azken hilabetean.
Noiztik zaude lanik gabe?
Oporrak hartzeko nituenez, astelehenetik nago lanik gabe. Lanbiden eta Enplegu Zerbitzu Publikoan izena ematera joan nintzen.
Zein zen zure lana?
Dekorazio denda bateko etxeko ehunen instalatzailea nintzen. Errailak, errezelak… jartzen nituen.
Espero al zenuen?
Urtetik urtera egoerak okerrera egiten zuen. Enplegu Erregulazio Espedientearekin egoeratik irteteko bide bezala plantatu zuten, baina denbora dezente generaman eta egoera hobera baino okerrera zihoan. Beraz, itxiera aurreikusten genuen.
Krisiaren eragina izan al da?
Gure denda oso ondo zihoan, emaitza oso positiboekin. Krisia hastean, jendeak funtsezkoak ez diren gastuak alde batera utzi ditu. Eta gurpil zoroa da, lana galdu dugunok, hipoteka dugunez, gastu horiek ere alboratzen ditugulako.
Nola ikusten duzu lan merkatua?
Autonomo egitea pentsatzen ari naiz, nire sektorea oso berezitua baitago, soldatapeko gisa lan egitea zaila baita. Lan bera egin nahi dut, baina denda bakarrean izan ordez, hainbatetan.
Zein egoeratan zaude orain?
Hipoteka bat dut eta bankuak hilero ez du barkatzen. Enpresaren kalte ordaina eta langabeziaren diru-saria ditut, baina diru sarrerak asko murriztuko zaizkit, kalte ordaina amaitzen baitoa eta diru-saria motza baita, eta euriborrak gora egiten jarraitzen du.
Formakuntzarako erabiliko al duzu lana aurkitu arteko epea?
Enplegu Zerbitzuak ikastaroak egiteko aukera eskainiko didala pentsatzen dut. Horrek langabe kopurua jaisten baitu, prestatzen ari direnak langiletzat joaz. Diru-saria ez galtzeko egin beharko ditut, gustuko izan edo ez.
Itxaropentsu al zaude?
Krisia bankuen eta multinazionalen amarruen ondorio da eta berdin da zer gertatzen zaigun. Hau konpontzeko inorengan konfiantzarik ez dut. Bankuek nahi dutenean amaituko da krisia
[/box]