Realzaleak, Anoetan, 2010ean Celtaren aurka jokatutako partidan (Argazkia:realsociedad.com)
Reala zorionekoa ez den bitartean, realzaleak sarituko dituzte asteburuan. Izan ere, LFPk, hau da, Espainiako Futbol Liga Profesionalak,
jugador numero 12 izeneko saria emango die realzaleei. Tolerantzia, joko garbia eta afizioen arteko errespetua bultzatzeagatik sarituko dituzte zale txuri-urdinak. Zehazki, zaleak irudikatuz, 12 zenbakia duen elastikoa jasoko dute Realeko hiru bazkidek: Hernaniko Garazi Redondok, Zumaiako Sebastian Vicentek eta Donostiako Sergio Redondok. Hala, Francisco Roca, LFPko zuzendari nagusia, eta Jose Maria Suarez, Aficiones Unidaseko presidentea, izango dira saria emango dutenak. Igandean, Reala eta Xixongo Sportingen arteko partida (17:00) hasi aurretik emango diote saria afizioari, Anoetan.
Partida horretarako sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai. Guztira, 600 sarrera egongo dira eskuragai Anoetako 6. leihatilan, 30 eta 70 euro bitartean. Gazteenek, ordea, 14 urtetik beherakoek, 15, 20 eta 25 euroko sarrerak izango dituzte. Gaur, 16:00etatik 19:00etara zabalduko dute leihatila. Larunbatean, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Igandean, 11:00etatik 13:00etara eta 15:30etik aurrera.
Beteranoak, borrokan
Realeko beteranoak ere ez daude geldirik egoteko moduan eta Indoor Liga jokatzen ari dira aurtengoan ere. Osasuna izango da Realaren hurrengo aurkaria, gaur, 20:30ean, Lizarrako Tierra Estella Lizarreria kiroldegian. Norgehiagokako irabazlea final laurdenetarako sailkatuko da, dagoeneko bertan dagoen Athleticekin batera.
Partidarako sarrerak Lizarrako Udalaren kirol bulegoan edota kiroldegiko leihatilan bertan eskuratzeko aukera egongo da, bost euroren truke. Gainera, 14 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa izango da.