Korrika Txikia egin dute gaur Egian (Argazkia: Mikel Goñi)
Igandean, hirian antolatuko den euskararen festa handiaren usaina nabari da jada hiriko kaleetan. Altzarrek, dagoeneko, izan dute beren korrikalakari sena adierazteko aukera, asteazken goizaldean igaro baitzen bertatik. Txikienek ere egin dituzte iganderako berotze ariketak, Korrika Txikia Egian barrena ibili baita gaur. Bihar, berriz, Altza, Antigua, Añorga eta Erdialdia zeharkatuko ditu, besteak beste.
Euskararen alde korri, salto edo dantza egin nahi duenak igandean du aukera pareagabea. Goizeko 8:30etik aurrera sartuko da Añorgan eta Parte Zaharra aldera joko du. Gros, Intxaurrondo eta Amaratik ibili ondoren, 12:30 aldera, Bulebarrera helduko da, lasterketa amaigabea eten eta festa handia lehertzeko.
AEK euskaltegiko ordezkarien eskutan iritsiko da lekukoa helmugara. Bertan, lekukoaren barruan dagoan mezua irakurriko dute. «Jaiaren txupinazioa» izango dela nabarmendu du Gorka Lizarraga Donostiako azken Korrika eguneko arduradunak.
Bost gune
Eguerditik aurrera euskaraz primeran pasatzeko nahi adina aukera egongo da. Lizarragak azaldu duenez, bost gune bereiziko dituzte. Alderdi Ederreko eremua, esaterako, umeentzat prestatuko dute. Puzgarriak izango dira eta hainbat tailer eta jolas egingo dituzte. Trinitate plaza, berriz, gazteentzako bideratu dute. Gorputza astintzeko kontzertuak antolatu dituzte. 17:00etan, Zesatek taldeak joko du; 18:30ean, Esne Beltzak eta, jaia behar bezala amaitzeko, aurtengo Korrikaren doinua sortu duen Gose taldeak girotuko du Trinitate plaza.
Kaia, tripa-zorriak ixiltzeko eremua izango da. 13:00etan, txahal errea eskainiko dute. 13:30etik 16:00etara, berriz, nahi adina bazkaltzeko aukera egongo da.