Euskal artea, XVI. mendetik, gaur arte
Donostiako Aurrezki Kutxa 70eko hamarkadan hasi zen artelan bilduma osatzen. Juan Luis Mendizabal Mendi artistak proposatu zuen Arrasate kalean erakusketa aretoak jartzea. 1990. urtean Gipuzkoako Aurrezki Kutxarekin batu egin zen banku erakundea. Orduan hasi zen lanean Marivi Arcaya, Kubo aretoko eta Kutxaren arte ondarearen arduraduna egun ere. Guztira bi mila lanek osatzen dute bilduma, baina Itsasurdin erakusketan soilik 230 izango dira ikusgai. Ehun eta hogei egileren lanak jaso dituzte. Gehienak, azken hiru urteotan eskuratutakoak. Besteak fondotik berreskuratu dituzte.
Piezarik zaharrena Francisco Pachecok Katalina Erausori egindako erretratua da, 1650. urtekoa da. Hiria irudikatzen duten argazki zaharrak ere daude zintzilik, Pascual Marin edota Kochtarrenak, besteak beste.
Erakusketa ez dago egileen, garaiaren edo gaiaren arabera antolatuta, beste diskurtso bat eraiki dute: «Kontakizun poliedrikoa sortu nahi izan dugu. Zortzi ataletan banatu dugu Kubo aretoa. Hainbat istorio eta hainbat diziplina gurutzatzen dira. Eskulturak, argazkiak eta pinturak daude. Itsasoa da erakusketaren hari nagusia», adierazi du erakusketaren arduradunak. Artisten zerrendan gipuzkoarrak dira gehiengoa: Esther Ferrer, Oteiza, Chillida, Vicente Ameztoi, Zumeta, Julio Caro Baroja, Balerdi, Amable Arias, Sistiaga, Koldobika Jauregi… Euskal arteak azken hiru hamarkadatan izan duen bilakaera islatzen du. Nazioarteko artistak ere lekua izan dute Kutxaren ondarean. H.R. Giger, Robert Capa eta Ilan Wolf argazkilariak, Don Herbert… Bukaeran ikus-entzunezko bat dago ikusgai. Itsasurdin erakusketako hainbat egileekin egindako elkarrizketak jaso dituzte dokumental honetan. Kubo aretoan jaso dituzten artelanei buruzko azalpenak entzun ahal izango dira bertan. Erakusketa, gaur eta uztailaren 3a bitartean izango da zabalik, egunero.