Ondarreta ala Benta Berri, Jakintzaren egoitza aldatzeko aukerak
Jakintza ikastolako haurrak bi eraikinetan daude bananduta. Apaztegiaren ondoan, Heriz pasealekuko 109. atarian dagoen eraikinera 4-6 maila bitarteko gaztetxoak doaz. Txikienek, aldiz, Erregezainen kalean, Matia kalearen ondoan, dagoen egoitzara jo behar dute. Bertan du Jakintzak, gainera, jangela.
Bereizketa eta eraikinen egoera kaskarrarekin amaitzeko, PPren ekimenez, Jakintzari beste egoitza bat bilatzen hastea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak. 60.000 euro bideratu zituzten txostena osatzeko.
Udal Gobernuak, baina, aurrea hartu dio Eusko Legebiltzarreko ekimenari, martxoaren 17an ikastolako ordezkariekin bildu ostean, Jakintzaren etorkizuna eralda dezakeen proposamena osatu baitute bi astetan. Gainontzeko erakundeek alternatibarik aurkeztu ezean, bi aukera izango dituzte eztabaidagai: Benta Berri kiroldegi aurreko lursaila eta Ondarretan, Arkitektura Eskolaren atzean, Euskal Herriko Unibertsitateak duen lursaila. Aukerok xehetasunez ezagutzeko parada izan zuten Jakintzako zuzendaritza taldeak eta guraso elkarteak.
Udaleko Hirigintza sailak bi proposamenok plazaratu baino lehen, beste hiru aukera baztertu ditu: Errotaburu, Atotxa Erreka eta Pagola. Bertan erabilgarri dauden lursailak Antiguako umeentzat urrunegi daudela zehaztu dute.
Kirol pistak
Antiguan Udalak dituen lursailak aztertu ondoren, Benta Berriko kiroldegiaren aurrean eremua jo dute Jakintza lekualdatzeko abagune. Heriz pasealekuko egoitza mugituko balute soilik, zelaitxoa eta errepidea hartzearekin nahikoa lukete. Apaiztegi ondoko eraikineko bederatzi gelek 1.280 metro koadro hartzen dituzte. Aldaketa horrekin, berriz, 2.070 metro koadroko lursaila beteko luke. Era horretan, egungo kirol pistak bere horretan mantenduko lituzkete.
Kokapen horretan, hala ere, Jakintza ikastolaren eraikin bateratua altxatzeko aukera legokeela azaldu du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak. Horretarako, baina, duela urte gutxi eraikitako kirol pistak ikastolarentzako gune bilakatuko lirateke. Jakintzako bi eraikinen azalera hiru mila bat metro koadrokoa da. Benta Berriko alderdi honetan lursail bikoitza izango luke.
Antiguatarrak kirol pistarik gabe gera ez daitezen, eraikiko lituzketen jolastokiak ikastolako haurrek ez ezik, auzoko ume eta gazteek ere erabili ahal izango lituzkete.
«Aukerarik interesgarriena»
Bigarren proposamena, berriz, Ondarreta pasealekuan lego-
ke. Alegia, Arkitektura Eskolaren atzean dagoen aparkalekuan. Lursail hori baliatu ahal izateko, ordea, Euskal Herriko Unibertsitateak du azken hitza, Udalak 2005an eman baitzizkion.
Jakintza Ondarretara lekualdatzeak unibertsitatearen aurreikuspenak aldatuko lituzkeela aipatu du Letamendiak. EHUk bertan erabileraniztun eraikina egiteko asmoa duelako. Udalari, baina, «aukerarik interesgarriena» iruditzen zaio.
Hori dela eta, unibertsitatearentzat erakargarria izan daitekeen aukera jarri du Udalak mahai gainean.
Aparkalekuaren lekuan Jakintzako bi eraikinak bateratzen dituen egoitza altxatuko lukete eta trukean, EHUk erabileraniztun eraikina egiteko tokia izango luke ondoan. Sei mila metro koadroko lurzorua zabaltzeko, Arkitektura Eskolaren atzealdean dagoen errepidea desegin eta 30 aparkaleku plaza desagertuko lirateke.
Horretaz gain, Ibaetan, Nanogunearen atzeko aparkalekuan eta Errotaburun, Zuatzuko enpresa gunearekin bat egiteko aukerarekin, unibertsitatea handitzeko leku gehiago eskaintzeko prest dago Udala.
Laurdena finantzatu
Hori gutxi balitz, libre geratuko liratekeen egungo lursaileekin ikastola berriaren eraikina finantza daitekeela gaineratu du Letamendiak. Heriz pasealekuko lurrak etxebizitzak eraikitzeko izendapena ezarriz gero, aldaketa horretatik jasotako diruarekin lanen laurdena finantzi litekeela adierazi du.
Jolastokia estali
Bestetik, Jakintza ikastolako txostena Udalak doan egin duenez, Eusko Legebiltzarrak bideratutako 60.000 euroak beste behar batzuetara bideratzea proposatu dute. Diru horrekin Erregezainen kaleko eraikinaren gaineko terraza estaltzea iradoki du Udalak, eguraldi kaxkarrarekin ere haurrek bertan jolasean aritzeko aukera izan dezaten.
Jakintza ikastola: aukerak
- Heriz pasealekuko egoitza. 109. atarian dauden bederatzi gelentzat Benta Berriko kiroldegiaren aurrean dagoen zelaia utziko lukete. 2.070 metro koadroko lursaila.
- Jakintza bateratua. Erregezainen kaleko eta Heriz pasealekuko egoitzak bateratu nahi izanez gero, kirol pisten eremua hartu beharko litzateke. Ikastetxeak izango lituzkeen jolastokiak auzotarrentzat egongo lirateke erabilgarri.
- Ondarreta. Euskal Herriko Unibertsitateak Arkitektura Eskolaren atzealdean -Ondarreta pasealekuko aparkalekuan– duen lursaila bideratu nahi dute ikastolarentzat. Jakintzak egun dituen bi egoitzek 3.064 metro koadroko eremua hartzen dute; Ondarretan, berriz, eremua bikoiztuko luke, 6.000 metro koadrotik gora.