Altza Gara ekimenak sustatuta, hiriko hainbat ikastetxek Liburu Ibiltaria ekimenean parte hartzen ari dira. Egun auzoak direnen jatorria ezagutaraztea da helburua.
Lehen Hezkuntzako haurrek Altza herriaren maketa osatu zuten (Argazkia: Herri Ametsa)
Altza Gara herri ekimenaren egitasmoa da Liburu Ibiltaria, eta bere xedea anexioaren aurreko herriaren historia berreskuratzea da. Horretarako, argazki zaharrez eta azalpen historiko laburrez liburua osatu zuten. Izenak dioen moduan, apalen batean uzteko baino, batetik bestera ibiltzeko prestatua da. Gertatutakoa gogoraraziz eta azalduz, batetik bestera joango da datozen bi urteetan Liburu Ibiltaria. Bidaiaren sorburua Herri Ametsa ikastola izatea, ez zen ausazkoa erabakia izan. Ikastolak Herreran zuen kokagunea, Altzako kaskoan zeuden ikastetxeekin elkatu, eta Ulian eraikina egin aurretik. Altza Garako kide Agustin Rodriguez bertako guraso izandakoa da, eta proiektuaren berri eman zion Karlos Ibarzabal zuzendariari.
Ikastolan ere ez da kontu berria. Ibarzabal bertako ikasle ohia da, eta gogoan ditu antzeko ekimenak. “Azalean ezagutzen nuen historia, ikasle nintzela antzekoak egitea egokitu baitzait. 14 urte nituela, bazen aldizkaritxo bat, eta ikasleek parte hartu ohi genuen”. Garatzeko ideia polita iruditu zitzaien proposamena, eta hezkuntza curriculumean nola barneratu hausnartu zuten. Erabakia adinei egokitutako bidea egitea izan zen.
Ikasleek oso ondo hartu dute, txikiekin zailena gaia adin horietara egokitu eta ulertaraztea izan da. Begoña Alkiza altzatarrak Lehen Hezkuntzakoekin elkartu zen, eta ipuin gisa kontatu zien bere herriari gertatutakoa. Irakasle ohiaren hitzak entzun ondoren; haurrek, adinaren arabera, horma irudia, bertsoak eta maketa egin zituzten. Zaharrenekin motibazioa zen oztopo nagusia, baina DBHn ikasle altzatarrak izateak giroa sortzen lagundu du. Hauek, liburua goitik behera arakatu, paisaia, gizarte eta ekonomia aldaketak… aztertu, eta ardatz kronologikoa egin zuten. Ibarzabalen hitzetan, “altzatarrek gertutik bizi dute eta bestelako sentimena dute; besteek ez. Horregatik, ariketa nagusia beraien burua kokatzea izan da; garai batean non biziko liratekeen ulertzea. Batzuentzat sorpresa izan da”.
Atal bat gehiago
Otsailaren bukaeran hasi, eta hilabete inguru eman zuten ekimenarekin. Aginiano pozik agertu da egindako lanarekin; “Egia esan, astindu polita eman zaio. Zer egin pentsatu genuen eta lan polita sortu da. Oso pozik gaude”. Bidaiaren lehen geldialdia gogoratzeko, atal berria gehitu zioten Herri Ametsako ikasleek. Argazki eta ipuin baten bidez, bi hilabetetan, ziklo batetik bestera egindako bidea bildu dute. “Liburu ibiltaria denez, ikastolara dator eta gelaz gela doa berea eskainiz. Aldi berean, guk egindako lana ere eskaini diogu”, laburbildu du Ibarzabalek. Bilduma osatuta, Oleta ikastetxera abiatu zen liburua. Aurretik, ordea, bisitaldia gogorarazteko altza landatu zuten ikastolako lurretan.
Herria izandakoaren historia, liburuxka batean
Zuri-beltzeko argazki zaharrekin batera, Urumea ertzetik Pasaiako porturaino zabaltzen zen guneari buruzko hainbat datu biltzen du liburuak. Anexioa, esaterako. Larre eta zuhaitzez inguratutako baserrietako biztanleek herria osatzearen sentipena zuten. Hori, ordea, anexioarekin erabat aldatu zen. XX. mendearen hasieran Donostiako Udalak egindako alferrikako saiakeren ondoren, 1940ko martxoan lortu zuen lur haiek eskuratzea. Intxaurrondo eta Donostiako mugan egin zen ekitaldiaren irudia, halabeharrez, bere orrietan ere agertzen da. Ordutik aurrera, eraikin merkez betetako auzuneak sortu zituzten, eta, ondorioz, herria galdu zen. Hori osatzen zuten Martutene, Intxaurrondo, Bidebieta eta Herrera inguruetako ikastetxe, elkarte eta zaharren egoitzetara eramango dute Liburu Ibiltaria. Txanda iritsi arte itxaron nahi ez duenak, ordea, Altzako hainbat tokitan eros dezake eduki bereko liburuxka 1,5 euroko prezioan.