Jon Txakartegi: "Jaitsi garen arren, maila horretan lehiatzeko gai garela uste dugu"
Azpeitiko taldeak Zilarrezko LEB Ligara igotzea lortu zuen iaz, baina, azken partida galdu ostean, ezingo du bertan jarraitu.
Hiru urte daramatza Jon Txakartegik (Altza, 1977) Azpeitiko Iraurgi taldea gidatzen. Iaz, igoera fasea jokatu eta EBA Mailatik Estatuko hirugarren kategoria gorenera igo zuen taldea. Hala ere, gutxi iraun die zorionak, asteburuan maila galdu baitute. Edonola ere, esperientzia baliagarria izan dela adierazi dio Txakartegik Irutxuloko Hitzari.
Dena zenuten jokoan ostiraleko partidan. Uste baino okerrago joan zen?
Taldea ongi ikusi nuen. Kontuan hartu behar dugu, hirugarren talde indartsuenaren aurka jokatzen genuela eta, etxetik kanpo. Partida oso zaila zen guretzat eta hasieratik bukaerara barruan egon ginen. Gainera, azken laurdenean, aurretik jartzea ere lortu genuen, baina oso talde ona dute eta kalitate handikoa. Azken bi minutuetan jokalari batek hiru hiruko sartu zituen jarraian eta gure helburuarekin bukatu zuen.
Gogorragoa da horrela galtzea? Azken minutuetan partidak eskuetatik alde egin duela ikusita?
Oso gogorra da, baina urtean zehar gauza bera gertatu zaigu partida askotan. Uste dut zortzi edo bederatzi partida galdu ditugula lau puntu edo gutxiagoko aldearekin eta esan daiteke halakoetara ohitu egin garela. Hala ere, lasai egon behar dugu, gure esku zegoen guztia egin genuelako eta hori da garrantzitsuena.
Oso gogorra izan da taldearentzat maila galtzea?
Bai. Gure denboraldiko helburua mailari eustea zen eta azken partidan ezin izan dugu bete. Gogorra izan da. Jokalari gehienek urte asko daramatzate taldean eta, aurreko denboraldian igoera lortu ostean, oso garrantzitsua zen guztientzako mantentzea. Baina kirola horrelakoa da, batzuetan irabazi egiten duzu eta besteetan galdu. Lana berdina izan da edo agian iaz baino gehiago egin dugu eta ezin izan dugu helburua lortu.
Nola geratu zen taldea partida bukatzean?
Partida bukatu bezain laster, burumakur zeuden denak, amorratuta eta triste. Taldea hunkitua zegoen, baina, jaitsiera iritsi dela ikusita, normala da.
Abenduan Solobasket webguneak hilabeteko entrenatzaile onena izendatu zintuen.Zuk zer moduz ikusi duzu zure burua?
Hori anekdota hutsa da. Ni hilabeteko entrenatzailea izateko, taldeak lan ona egin behar du eta partidak irabazi behar ditu. Ni jarri ninduten entrenatzaile onena bezala, baina abenduan bertan esan nuen hori talde lanaren emaitza zela. Azkenean, nahiko denboraldi gogorra izan da, bereziki, psikologikoki. Abendua eta urtarrila artean pentsatu genuen taldea zerbait garrantzitsua lortzeko gai zela, baina jardunaldiak aurrera joan ahala, geroz eta beherago egin genuen. Azken partidetan konfiantza gutxiagorekin jokatu dugu. Guztion lana izan da lortutako emaitza eta lasai nago taldea lehiakorra izan delako. Hiru talde berdinduta geratu gara eta beste talde bat partida bakarreko aldearekin.
Zer eman dizue aurtengo esperientziak?
Oso esperientzia ona izan da guztiontzako; taldearentzako, jokalarientzako, entrenatzaileentzako, klubarentzako… Zilarrezko LEB mailan oso jokalari onak daude eta gogorra da mantentzea. Jaitsi garen arren, maila horretan lehiatzeko gai garela uste dugu. Gure maila ez dago hain urrun eta, zorte pixka bat gehiagorekin, bizpahiru partida irabazita, ez genuen azken partidan guztia jokoan izango.
Esperientzia eza izan da jaitsieraren arrazoia?
Kontu askok eragin dutela esango nuke. Lehenengo eta behin, aurrekontua, txikienen artean baikinen. Gero, esperientzia eza, lehen jardunaldietan asko nabaritu baikenuen. Baina partida guztietan maila eman dugu eta gogor borrokatu dugu. Gauzak ongi egiteko gai garela erakutsi dugu. Pixka bat kalitate gehiago behar genuen maila mantentzeko.
Jarraitzaileak behintzat badituzue, ezta?
Bai eta uste dut ezin diegula gehiago eskatu. Batez ere, azken partidetan kiroldegia jendez lepo egon da eta izan dugun babesa izugarria izan da. Esango nuke, afizio gehien mugitu duen lauzpabost taldeen artean egon garela. Harro egoteko moduan gaude eta eskerrak eman nahi dizkiet.
Dagoeneko datorren denboraldiari begira jarri zarete?
Oraindik oso goiz da. Gertatutako guztian pentsatu behar dugu eta datorren urtean non egongo garen jakin behar dugu.