Bagera eta Txirain elkarteek bigarren aldiz antolatu dute Bertso Doinu Ikastaroa. Doako saioetan izena emateko epea abian da.
Munduko inprobisatzaile gehienek musika izaten dute lagun; bertsolariek, ordea, ez. Hitzak eta doinuak besterik ez dituzte lanabes. Irudimenez jositako hitzei eman ohi zaie garrantzia, baina doinua ere ezinbestekoa da. Alderdi ahaztuago hori lantzeko, Bagera eta Antiguako Txirain elkarteak Bertso Doinu Ikastaroa antolatu dute.
Zortziko handia, zortziko txikia, koplak, lauko handia eta txikia… Askorentzat ezezagunak diren 3.000 doinu inguru bilduta ditu Bertsozale Elkarteak. Guztiak ez, noski, baina hauetako batzuk landuko dituzte ikastaroko partaideek. Irakasle lanean errepikatuko duen Iñigo Legorburuk azaldu duenez, “ahalik eta doinu gehien lantzen saiatuko gara. Batzuk ezagunak izango dira; habanerak, esaterako; beste batzuk, ez horrenbeste”. Horiek ikasteko baliatuko dituzte bertsopaper zaharrak nahiz berriak. Bilintxen, Lexotiren edo Xenpelarren bertso zaharrekin batera, bertsopaperetan punta puntan dabiltzan Alaia Martinenak edo Aitor Albisturrenak ezagutuko dituzte.
Doinuak ikasteaz gain, hauek gordetzen duten istorioa eta bertsoaren historia apur bat ere argituko die Legorburuk. “Baina jolasgarri izan eta ondo pasatzeko pentsatua da”, ohartarazi du.
Ekaineko lehiaketa, helburu
Ikastaroaren ardura duten bi elkarteek Bertsopaper Lehiaketaren ardura ere badute. Hain zuzen ere, ekainean egiten den norgehiagoka hori da ikastaroaren sorburu eta helburu. Izan ere, 2009an sariduna erabakitzeko egindako afarian Legorburuk parte hartu zuen eta doinuei bultzada eman behar zitzaiela bururatu zitzaion.”Antiguako jaien bueltan egiten den Bertsopaper Lehiaketa girotzeko asmoa du ikastaroak. Bi hilabete lehenago hasten gara, eta helburua partaideetako batzuek afari horretan abestea da”. Kantu jirek modan jarri dute abestea, eta hari horri tiraka, bertsoa eta kantua uztartu nahi dituzte. “Bertsoetan bertan jendeak gustuko dituen mila doinu mota daude. Azken buruan, kantuan ondo pasatzeko aukera da”.
Saioak Txirain elkartearen egoitzan egingo dituzte, astearte iluntzean. Tokia mugatua denez, 15 bat lagunek parte hartu ahal izango dute. Interesa dutenek maiatzaren 6a arte dute izena emateko. Legorburuk bi betekizun zehaztu ditu partaideentzat: “Kantatzeko gogoa eta bertsoa gustuko izatea. Bi ezaugarri horiek izanda, animatu dadila abestera”.
Bertso doinu ikastaroa
- Non: Antiguako Txirain elkartea.
- Noiz: Maiatzaren 10etik ekainaren 14ra arteko astearteetan, 19:00etatik 20:00etara.
- Izena emateko epea: Maiatzaren 6a arte.
- Izen ematea: Bagera Elkartera deituta, 943-467181.
- Ikastaroaren prezioa: Doakoa.
- Baldintzak: Kantatzea eta bertsoak gustuko izatea.