Asier Edeso dantzaria.
Dantza Profesionalen Elkartearen errebelazio eta dedikazio saria jasoko dute, hurrenez hurren
Urtzi Aranburu, Alicia Amatriain, Jone San Martin, Iratxe Beorlegi… Hainbat euskal dantzari saritu ditu Gipuzkoako Dantza Profesional Elkarteak. Aurten Dantza Sariak ekitaldiaren bederatzigarren ekitaldia izango da apirilaren 30ean. Bi donostiar sarituko dituzte. Asier Edeso dantzari gazteak errebelazio saria jasoko du, eta Maria Teresa Fagoaga irakasleak, dedikazio saria. Antzoki Zaharrean, 20:00etan izango da ekitaldia.
Mentxu Medelen eskolan hasi zen dantzan Asier Edeso (Donostia, 1986), hiriko Thalia akademian. Madril eta Londresen osatu zituen ikasketak, eta profesional gisa Scottish Balletarekin estreinatu zen. Egun Monte Carloko Balletarekin ari da dantzan; ‘La Belle, ‘Romeo eta Julieta’, ‘Mari Errauskin’ edo ‘Fausto’ obretan parte hartu du. Azken bost hamarkadatan Maria Teresa Fagoagak bost dantza eskola zuzendu ditu Donostian. Euskal Herria kalean ari da egun eskolak ematen.
Hurrengo egunean, maiatzaren 1ean Dantzaren Nazioarteko Gala ospatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian, 19:30ean. Asier Edeso dantzaria bere bikotearekin, Monte Carloko Balleteko Anjara Ballesterosekin, izango da eszenatokian. ‘Daphnis eta Chloe’ eta ‘El espectro de la rosa’ interpretatuko dituzte. Parisko Opera Balleteko Allister Madin, Sarah Kora Dayanova eta Leonore Baulac ‘Esmeralda’ eta ‘Sheherezade’ ikuskizunetan izango dira.
Egitarau zabala izango du galak. Santamaria dantza konpainia, Malandain Biarritz Balleta, Aukeran, Kukai, Verdini, Dantzaz, Tapeplas, Akroindar eta Jordi Ros ere igoko dira taula gainera.