Auditz Akularreko etxe libreen prezioa 300.000 eurotan finkatu dute
Gero eta gutxiago falta da Auditz Akularrera makinak heltzeko. Udal Gobernuak etxebizitza egitasmoa sailetan zatitzen duen proiektua onartu berri du. Orain, herritarrek zuzenketak aurkezteko txanda da. Behin ekarpen horiek guztiak aztertu dituztela, proiektua behin betiko onartuko dute, eta lanei ekiteko lehiaketak jarriko dituzte abian. Proiektua behin betiko onartzeko, udal hauteskundeak igaroko direla kalkulatu du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak.
Hirigintza sailak mahai gainean duen txostenak «hiriaren historiako hirigintza proiekturik handizaleenaren» ezaugarri nagusiak xehetzen ditu. Hiriak historian izan duen egitasmorik handiena, zenbakirik potoloenak jasotzen dituen plana delako da. Eraikiko dituzten 3.059 etxebizitzak, bizileku premian diren herritarren beharrak asetzearekin batera, Auditz Akularrek hiriko ekonomia jarduerari ere «bultzada handia» emango diola esan du Letamendiak.
Etxe kopuru hori guztia eraikitzeko, mugitu beharreko lur eremua handia da, 125 hektarea beteko baititu auzune berriak. Etxebizitza eta industria eraikinek lurzoruaren %13,6 beharko dute; 17 hektarea, hain justu. Gainontzekoa erabilera publikoa izango duten eremuak izango dira. Hala nola, 40 hektareako hiriko parkerik handiena egokituko dute. Bestalde, Anoetakoaren pareko kirolgunea izango du. «Bideragarria»
Krisi ekonomikoak oraindik alde egin ez duen arren, Auditz Akularrek bideragarri izateko baldintza guztiak betetzen dituela berretsi du Letamendiak. Hain justu, egoera ekonomiko berrira egokitzeko, hasierako planari beste 145 etxebizitza libre gehitu dizkiete, eta tasatutakoak izango ziren 80 etxe libre bihurtu dituzte.
Auzune berriaren proiektuak aurrera egin dezan, era berean, salgai jarriko dituzten etxebizitzen batez besteko prezioak finkatu dituzte: babestutako etxebizitzen truke 120.000 euro ordaindu beharko lirateke; tasatutakoengatik, 206.000 euro, eta libre bat eskuratzeko, 295.000 euro. Enpresa eraikitzaileek horiek saltzeko izan dezaketen presa edota eskakizunak eragingo du azken prezioan.