Bizikletaren hamar urteko iraultza, hamar paneletan laburtua
2001ean, bizikletaren erabilera sustatzeko plana adostu zuen Udalak. 2002an, berriz, Kontxako badia inguratzen duen bidegorria inauguratu zuten. Hiru urte beranduago, Bizikletaren Behatokia eratu zuten, eta 2006an, Txita garraio zerbitzua ezarri zuten. 2008an, bizikletak mailegatzeko Dbizi zerbitzua jarri zuten abian, eta hurrengo urtean, Amara eta Antigua lotzen dituen Morlanseko tunela zabaldu zuten.
Hamar urtean bizikletak Donostia eraldatu du baita donostiarren ohiturak ere. 2001n, hiritik zebiltzan txirrindulariak gutxi batzuk baziren, 2011n, 12.000tik gora dira bizikletaz egiten diren joan-etorriak. Bilakaera hori irudikatzeko, Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxean erakusketa zabaldu dute. Hamar panel ditu eta hamarkada batean emandako pauso guztiak laburbildu dituzte bertan. Ekainaren 5ean itxiko dute.
Horretaz gain, dendarientzako lehiaketa antolatu dute. Gai horrekin bat egiten duen erakusleihoa apaintzea proposatu dute. Hala, erakusleiho dotore eta originalenak sarituko dituzte. Denda horretako bezero eta zamak garraiatzeko, bizikletaz mugitzen den banaketa enpresa batek doako zerbitzua eskaintzea izango da saria.
Beste ekimen batzuk
Bestalde, bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak antolatuko dituzte. Maiatzaren 14, 15, 21 eta 22an izango dira. Bestetik, bizikletako matxurak konpontzeko argibideak nahi dituzten txirrindularientzat bi eguneko ikastaroa izango da. Maiatzaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 7an, 11:00etatik 13:00etara. Ikastaroaren prezioa 5 eurokoa da. Batean zein bestean izen emateko, 943-453526 telefonora deitu behar da.
Maiatzaren 12an eta 28an, eroso eta seguru ibiltzeko, hiriko txirrindularitzaren inguruko hitzaldia izango da.