Luis Jimenez de Aberasturi idazlea.
‘El mar de los vascos’ liburua aurkeztu du Groseko idazleak; itsas historiaren sintesia idatzi du
Grosen bizi da, «itsasotik gertu»; itsasoz ibiltzea gustuko du, «Kanada eta Europan zehar izan naiz»; eta iraganeko bizitzan arrain izan delakoan dago. Luis Jimenez de Aberasturik (Gros, 1943) historia eta itsasoa maite ditu. El mar de los vascos liburuan bi grinak elkartu ditu. Mapa frantses batean du jatorria Luis Jimenez de Aberasturiren azken argitalpenak: «Ez dut nik asmatu. Itsas kartografian horrela deitzen zitzaion Ipar Euskal Herria Gipuzkoa eta Bizkaiarekin elkartzen zituen itsasoari».
Euskal Herriko itsas historiaren sintesi moduko bat idatzi du Groseko idazleak, Erromatarren garaitik gaur arte: «Euskal kostaldea aberatsa izan da, baina gerrek, gaixotasunek eta industria krisiek min handia egin diote. Hala eta guztiz ere, zailtasunak zailtasun, aurrera egitea lortu dute beti euskaldunek. Haiei egindako omenaldia da liburu hau», adierazi du Txertoa argitaletxeko sortzaileak.
Vikingoak, Getariako bataila…
Baleazaleak, piratak, Okendotarrak, Lope de Agirre, Elkano, Ternua, Amerikako aurkikuntza… Itsas historiako pasarterik garrantzitsuenak laburbildu ditu idazle donostiarrak: «Noiz bihurtu ziren euskaldunak itsasgizon? Vikingoak iritsi zirenean. Kostaldea utzi eta itsasoz ibiltzen hasi ziren. Vikingoek Baiona konkistatu zuten, eta Nafarroako erregea hartu zuten preso Iruñean. Urte luzez izan ziren Ipar Euskal Herrian, ehun eta berrehun artean».
Eta noiz hasi ziren itsas zabalean ibiltzeko ontziak egiten? «Euskaldunak bretainiar eta flandestarrekin hasten dira merkataritza harremanetan. Hara iritsi ahal izateko hasten dira ontzi handiagoak egiten. Eta ondoren, Mediterranioan hasiko dira Gaztelako erregeen alde borrokan». Errege Katolikoekin, eta Amerikaren aurkikuntzarekin Gaztelako koroa potentzia indartsu bihurtu zen, eta «armada on bat behar zuen. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ziren onenak. Ontziolak zituzten, eta baita itsasgizon onak ere. Euskaldunak izan ziren lehen epopeia haietan». Gaztelako Koroarekin borrokatzeak «alde onak eta txarrak izan zituela dio: «Haien kontura aberastu egin zirela diote, baina ez da horrela. Armada Garaitezinak galera handiak ekarri zituen euskal kostaldean. Itsasgizon onenak hil ziren espedizio hartan. Okendotarrak eta Martinez de Rekalde donostiarra bizirik itzuli ziren, baina hona iristean gaixotu egin ziren».
Getariako bataila, eta mugako bi aldeetako euskaldunen arteko harremana ere izan du hizpide: « Borroka hura Hondarribiko setioarekin hasi zen. Soldadu frantsesekin bat egin zuten Iparraldekoek. Hau da, borrokatzerakoan, euskaldun bakoitzak bere erresuma aukeratzen zuen. Baina logikoa da, hein batean. Nafarroako erresuma lortzeko kehian ibili ziren Espainia eta Frantzia». Harreman onak ere izan zituztela dio: «Bakailaoa eta baleak arrantzatzen zituzten biek ala biek. Lanean hobe da lagunak izatea…»
Sebastian Elkanori da liburuko protagonistetako bat: «Pertsonaiaren glamourraz hitz egiten da beti, baina Elkano iheslaria izan zela ahaztu egiten zaigu. Elkanok eta bere gizonek Gaztelako koroaren alde egin zuten borroka. Erregeak, ordea, ez zion haien zerbitzuengatik inoiz ordaindu. Eta Elkanok ere ezin zien bere gizonei soldata ordaindu. Genovako merkatari batzuei prestamoa eskatu behar izan zien. Hauek itsasontzia eskatu zioten ordainetan. Baina legeak zioen ezin zela itsasontzirik saldu, eroslea atzerritarra bazen». Orduz geroztik Elkano iheslari bihurtu zela dio: «Magallanesen espedizioan sartu zen, ezkutuan. Handik itzultzerakoan, barkamena lortu zuen. Halere, ez zuen inoiz agintariek zorra ordaintzea lortu».