San Telmo Museoa osorik bisita daiteke
Hiru aste dira San Telmo Museoa zabaldu zutenetik. Orain arte, ordea, bisitariek ezin izan dute museoaren atal guztietan sartu, erakusketa iraunkorra ez zegoen eta prest. 6 mila milioi beste behin behineko erakusketa eta elizatik haratago iritsiko dira herritarrak. Gaurtik aurrera museoa osorik ikusiko du jendeak.
Patxi Lopez lehendakariak lehen aldiz ikusi zuen museo berria, atzo. Bilduma iraunkorraren aurkezpenean izan zen, Odon Elorza alkatea, Maria Jesus Aranburu kultura diputatua eta Susana Soto zuzendariarekin batera: «Museo bat baino gehiago da. Euskadiko museoen museoa da. Gure ikuspegi kulturalaren gida liburua, eta beste zentro guztiak bisitatzeko erreferentzia». Elizatik eraikin berriraino Erakusketa iraunkorreko areto gehienak komentuan daude. Industrializazioari buruz hitz egitean, eraikin berritik igarotzen da. Areto honetako pieza ugari azken urteotako eskuratzeak dira. Hainbat enpresa, denda eta partikularrek gordetako objektuen bidez lortu dute memoria berreskuratzea. 2.100 metro koadroko espazioa du erakusketa iraunkorrak; 3.000, elizako atala kontuan hartuz gero. Lehen bisitatu ezin ziren atal batzuk berreskuratu ditu, gainera, koroa, esaterako. Bisita elizan hasten da, Morgan Creativos-ek zuzendutako Komentutik museora ikus-entzunezkoarekin. Eraikinaren bilakaera historikoa azaltzen dio bisitariari; baita bertan ikus daitezkeen elementu bereziak ere, sortzaileen kripta, edota XVI. mendeko margolanak, besteak beste. Hilarriek ere atal berezia dute, Espiritualtasun zeinuak. Heriotzaren inguruko errituei eta arbasoen gurtzari mendez mende eutsi egin zaio. Kanposantu eta bideetako hilarriak eta zenbait elizatako argizaiolak gaur arte iritsi dira. San Telmo Museoak bilduma aberatsa gorde du. Aztarnak memorian atalak historiaurrea eta XVIII. mendea bitarteko garaia erakusten du. Paleolitikotik ilustrazioa arte. Praileaitzen aurkitutako lepokoa izango da lehen aldiz ikusgai. Erromatarren iritsiera Euskal Herrira, Erdi Aro, burdinolak, artoaren iraultza, baleazaleak, sorginkeria eta inkisizioa, Jesusen lagundia… Atal honetan Bretxako indusketa lanetan topatutako XVIII. mendeko tina dago ikusgai. Baleen koipea gordetzen zuten bertan. Xaboiak eta botikak egiteko oso preziatua zen; kaleak, elizak eta etxeak argiztatzeko erregai gisa ere erabiltzen zuten. Ganboatarren armarria, San Inazioren gogo jardunaren liburua, Manuel Larramendiren euskarazko lehen gramatika edota Filipinetako armak ere bildu dituzte espazio honetan. XIX. eta XX. mendeak eraldaketa garaia izan ziren euskal gizartean. Baserri inguruko bizimodua utzi eta industralizazioaren eredua jarraitu zuen. Musika eta dantza ospakizunekin lotutako jantziak eta musika tresnak; baserria eta bere lanbideak, industria, eskubideen konkista, 1936ko gerra, erbestea, trantsizioa eta demokrazia…. Modernitatearen hasieratik gaur arte heltzen den atalean hamaika pieza aurkituko ditu bisitariak: trainerak, harrijasotzaileen harriak, uztarriak, diru kaxak, Seat 600 auto bat, Mikel Laboaren gitarra, 70eko pegatinak, Realaren lehen elastikoak, langile mugimenduaren aldeko kartelak… Arte ederren atala ere badu San Telmok. Museoaren bildumatik berrehun obra hautatu dituzte, jendaurrean erakusteko. El Grecok, Jose Riberak, Sorollak, Mariano Fortunyk edota Zuloagak sinatutako artelanak izango dira ikusgai, besteak beste.