Lurretik oso gertu egonik ere, irudi ikusgarriak uzten ditu boulderrak (Argazkia: Mikel Goñi)
Eguraldi ona dagoenean kiroldegi itxura hartzen du Pasealeku Berriak. Jendea korrika, luzamenduak egiten edota bizikleta gainean ikustea ez da arraroa izaten. Eguzkiak bertako haitzak lehortzen dituenean, sugandilek eta eskalatzaileek ez dute aukera galtzen. Azken egunetako eguraldi epelak eta eguzkiak hiriko rokodromoetatik atera arazi dituzte horma igotzaileak. Kirol eskaladarako primerako entrenamendua baita boulder deritzon kirola. Lurretik gertu eta zailtasun maila altua duen eskalada mota da boulderra.
Zailtasunarena norberaren kontua da, eta horren arabera eskalatzaile bakoitzak bilatzen du bere gaitasunaren muga markatzen duen ibilbidea. Horrez gain, sokarik edota lotzeko bestelako tresnarik gabe jarduten dute modalitate honetan. Izan ere, lurretik horren gertu egonda, baliagarriagoa ohi zaie koltxoneta bat beste edozein sistema baino.
Hala eta guztiz ere, boulderra egiten dutenek ekipamendu pixka bat behar izaten dute. Kirol arropa erosoaz gain, beste bi elementu erabiltzen dituzte: eskalatzeko oinetako edo bailarinak, eta magnesio poltsa. Aipatu zapatak malguak eta zola berezidunak dira haitzetan irrist egin ez dezaten.
Zuriak markatzen du bidea
Magnesio hautsa duen poltsa gerriaren inguruan lotuta daramate, eta eskuetako izerdia lehortzeko erabiltzen dute. Erabiltzearen poderioz, heldulekuak non dauden markatu ere egiten du zuri koloreko lehorgarriak. Horrek, maiz, boulderra egiteko guneak zeintzuk diren markatzen du.
Eskalatzaileek bi gune dituzte gogokoen Urgullen itsasaldean. Hain zuzen ere, Pasealeku Berriaren kanpoko muturra eta mendian gora dagoen Damen Baterian, eguraldi egokia lagun, erraza da eskalatzaileren bat edo beste ikustea.
Toki horiek aukeratzeko arrazoiaz galdetuta, harri mota edota inklinazioa bezalakoak aipatu beharrean beste galdera batekin erantzun ohi dute: «Baina, ingurunea ez al duzu ikusi?».