Jose Manuel Etxabe: "Asko hobetu dugu azken lau partidetan eta itxura ona emateko gai izan gara"
Liga ongi baino hobeto hasi zuen emakumeen talde txuri-urdinak
eta lehen fasean bi partida bakarrik galdu zituen; gerora, gauzak okertu zaizkion arren, Kopan lan txukuna egiteko gogoz dago.
Realeko Superligako futbol taldean, entrenatzaile bezala lehen denboraldia osatzen ari da Jose Manuel Etxabe (Zaldibia, 1969). Hala ere, ongi baino hobeto ezagutzen zituen jokalariak, iaz bera izan baitzen taldeko bigarren entrenatzailea. Oso esperientzia «izugarria» bizitzen ari dela aitortu dio Irutxuloko Hitzari.
Taldeak oso lan ona egin zuen Ligako lehen fasean. Uste baino hobeto aritu zineten agian?
Bai. Fase guztiz borobila osatu genuen eta gure multzoko lehenengoak geratu ginen. Taldea oso indartsu egon zen, gero eta konfiantza gehiagorekin.
Azkenean Athletici irabaztea ere lortu zenuten. Poztekoa, ezta?
Egia esan, Athetici irabaztea izugarria izan zen. Jokalariak pozez zoratu ziren; urte asko zeramatzaten hori lortu nahian. Athleticen aurkako beste hiru partidak ere oso parekatuak izan ziren. Nabari da ez dagoela duela urte batzuetako aldea Reala eta Athleticen artean.
Bigarren fasean, ordea, asko sufritu duzue. Luze egin zaizue?
Bigarren fasean estatuko zortzi talde hoberenak bildu gara eta partida guztiak oso gogorrak izan dira. Ondo hasi ginen, baina gero beheraldia izan genuen eta bolada txarrean sartu ginen. Hala ere, asko hobetu dugu azken lau partidetan eta itxura hobea emateko gai izan gara.
Behin Liga bukatuta, nola daude jokalariak psikologikoki eta fisikoki? Jokalari gazteenak ongi moldatu dira?
Psikologikoki hobeto, berriro ere emaitza onak iritsi direlako. Fisikoki ere momentu onean daude. Gaztetxoak lan ona egiten ari dira, eta, nahiz eta gainontzekoek baino minutu gutxiago jokatu, euren lanerako jarrera izugarria izan da.
Bigarren entrenatzailea izan ostean, lehen urtea osatzen ari zara entrenatzaile postuan. Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia? Aldaketa handia izan da?
Esperientzi izugarria da. Aldaketa egon da, noski, dena desberdina baita. Orain ardura gehiago dut; entrenamenduetan, hamaikakoak osatzeko garaian, jokatzeko orduan, motibatzeko garaian… azken finean, jokalarientzako lehenengo erreferentzia naiz.
Kopa da zuen hurrengo erronka, zein izango da helburua?
Lehenengo kanporaketa gainditzen saiatuko gara, ahal badugu behintzat. Horrela, Valentziaren aurka, beste aurrerapauso bat emango genuke. Lehen esan bezala, azkeneko partidetan hobeto aritu gara eta horrela jarraitu ezkero, bigarren kanporaketan ere arerio gogorrak izateko gai gara.
Datorren denboraldiari begira jarri zarete edo oraindik goizegi da?
Pentsatzen hasi gara. Futbolean ere ez dago geldi egoterik, lanak geroz eta lehenago egin, hobe.