Argazkilaria: Mendi Urruzuno
Oporren itzuleran ezustekoa izan zuten guraso batek baino gehiagok, jangelako langileak greban zeudela jakitean. ELA, LAB eta UGT sindikatuek apirilaren 20an deia egin bazuten ere, hainbat ikastetxek ez omen zuen horren berri eman. Hiru ikasturtez luzatzen ari den gatazkaren 17. lanuztea izan zen atzokoa. Aste honetako lehena besterik ez zen izan, ostirala arte luzatuko baitute langileek lanuztea. Hirian 25 bat ikastetxeri eragiten diete grebek.
Lan uzteekin batera, protesta ekintzak ere egingo dituzte langileek datozen egunetan. Atzo eguerdian manifestazioa egin zuten Erdialdeko kaleetan. Jangelan borrokan leloa zuen pankartaren atzean 70 begirale elkartu ziren. Ibilbidean, zerbitzua kudeatzen duen Auzolan eta Zelaa sailburuaren aurkako garrasiak egin zituzten. Langileen ordezkariek, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuak salatu zituzten, gehiegizkoak izateaz gain, dekretatutakoaren gainetik betearazi baitzituzten. Inspekzioetara jo eta tinko jarraituko zutela ohartarazi zuten langileen ordezkariek. “Lotsagarria da ikastetxe batzuetan jangeletako langileen %100 lana egitera behartu izana. Hala ere, greba ondo atera da eta pozik gaude”.
Astean zehar egingo dituzten mobilizazioak eskualdeka antolatu dituzte. Hernanin eta Arrasaten egingo duten protesta ekintzekin batera, bihar eta ostiralean elkarretaratzea egingo dute Amarako Oleta plazan eta Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen lurralde ordezkaritzan, hurrenez hurren.
Formakuntza eta soldata
Langileen eskaera nagusiak bi dira. Batetik, beraien soldata hezkuntza saileko jangela langileenekin berdintzea; eta, bestetik, formakuntza orduak lanaldian barneratzea dira. Soldatei dagokienez, enpresen azken egunetan adierazi dutenez, langileek %10-%12ko igoera eskatzen omen dute. “Gezurra da. Jendea nahastu nahi dute. Lanaldia uztaila arte dugu, baina ekaina arte izatea eskatu dugu, hilabete horretako soldata gainontzekoenean banatuz”, azaldu zuen LABeko ordezkari Maribel Alberdik. “Jaurlaritzak gure soldataren %95 ziurtatzen die, hortik gora homologazioa eskatzen badugu, zer jartzen du enpresak bere poltsikotik, ez al daude ezer jartzeko prest? Dena etekinak al dira?”, gehitu zuen.
Formakuntzari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritza eta EIHGE akordio batera iritsi ziren xede horri 18 ordu eskaintzeko. Sendiei jakinarazi, eta 10 euro igo zuten jangelen kuota. Hitzarmena langileen adostasunik gabe egin zuten eta hauek ez daude aplikatzeko moduarekin ados. Ordu gehigarriak eta boluntarioak izan ordez, derrigorrezkoak eta lanaldi barrukoak izatea nahi baitute. “Non dago dirua? kuota igo diete, baina zerbitzua ez da hobetu, menua ez da hobea eta langileen baldintza ere ez”, galdetu zuen ELAko ordezkari Joana Castrok.
Gurasoei elkartasuna
Kaltetuak izan diren gurasoak ere kontuan izan zituzten sindikatuetako kideek. “Gurasoei sentitzen dugula esan nahi diegu. Kaltetuak dira, baina kaltetu nagusiak langileak gara, 17 greba egin ditugu eta ez dugu egora aldatuko den zantzurik”, adierazi zuen Alberdik. Ildo beretik, Castrok zerbitzuaren kalitatearen alde egin nahi dutela gogoratu zuen. “Haur bati etxean batzuetan jaten ematea zaila bada, pentsa begirale bakarrak 15 haur dituenean”. Egoerarekin amaitzeko giltza Auzolanek eta Eusko Jaurlaritzak dutela berretsi zuten langileek. Gaur egingo duten bileran aukera berri bat izango dute akordioa lortzeko.