Iraleko eraikina Larratxoko plaza nagusi bilaka daiteke
“Larratxon ilusio gehien piztuko duen egitasmoa” izango dela adierazi du Odon Elorza alkateak. Egitasmo zehatzik mahai gainean ez duten arren, Larratxoko bizilagunen egunerokoa alda dezakeen proposamena du Udalak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak irakasleak trebatzeko Irale programa garatzen duen eraikina Udalaren esku utzi eta beste behar batzuetara bideratzea nahi du alkateak.
Horretarako, Iraleko eskolak beste hiriko eraikin batera lekualdatu beharko lituzkete eta lau mila metro koadroko eremuan zein zerbitzu ase daitezkeen finkatu beharko litzateke. Plan zehatzik, ordea, oraindik ez dago. Lehenik eta behin, Udalak eta Hezkuntza sailak eremua libre uztea hitzartu beharko luketela dio Elorzak. Dena den, ez du uste horretarako eragozpen handirik egongo denik, bi erakundeen arteko hartu-emana “estua” dela onartu baitu alkateak. Adostasunera heltzeko eguna ez dela gehiegi luzatuko gaineratu du; “urte honetan zehar landu behar da”.
Irale programaren lekua bete ditzaketen betebeharrak hamaika direla jakinarazi du Odon Elorzak. Nagusiena, haren esanetan, plaza handi bat eraikitzea izan daiteke, dorrez eta aldapaz inguraturiko auzoan “ez dagoelako Iraleko eraikinaren baldintzak betetzen dituen lursailik”. Eremu horretan, beraz, atari zabaleko kirol pistak jarri, kultur ekitaldietarako lekua egin edo auzotarrek aise ordain ditzaketen aparkaleku plazak era daitezkeela jakinarazi du.
Hala ere, Larratxo erdiguneko lursailarekin zer egin erabakitzeko, auzotarren laguntza beharrezkoa izango dela iragarri du alkateak. Era horretan, datorren agintaldian udaletxean lanean ariko den zinegotzi taldeak auzoko beharrak zeintzuk diren zehatz-mehatz azaltzeko, partaidetza prozesua jarri beharko lukeela abian adierazi du.