Viktoria Eugenia bete egingo du Yann Tiersenek

Asteazkenean eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortu egin dira; 2006an izan zen hirian musikari frantsesa
‘Amelie’ filmaren soinu bandaren egile gisa egin zen ezaguna mundu osoan Yann Tiersen. Zinemak eman zion nazioarteko ospea. Urrezko disko bikoitza izan zen, 600.000 kopia saldu baitzituen. Hamar urte igaro dira abesti haiek konposatu zituenetik eta orduz geroztik soinu unibertso berria sortu du. ‘Amelie’ filmeko moldaketa eta soinu eder eta gozoetatik haratago iritsi da. Esperiementazioaren bidetik, indie eta post rock musikara gerturatu da musikari frantsesa.
Donostian 2006an izan zen lehen aldiz. Orduan Gazteszenan jo zuen, eta kontzertu hark ere ikusmin handia piztu zuen. Sarrerak berehala agortu ziren, eta antolatzaileek aretoa moldatu behar izan zuten ikusle gehiago sartu eta sarrera gehiago saldu ahal izateko. ‘Les retrouvailles’ rock diskoa aurkeztu zuen. Biharko emanaldian, Viktoria Eugenian, ‘Dust Lane’ azken diskoko abestiak aurkeztuko ditu etzi. Estudioan grabatutako seigarren lana du. Quessanteko estudioan, Bretainiako uhartetxo batean izan zen bi urtez buru belarri lanean.
Hainbat musika tresna jotzen ditu Tiersenek: akordeoia, gitarra, pianoa, biolina… Kontserbatorioan ikasi zuen musika jotzen eta zuzentzen. Pop rock estiloa menderatzeko urte gehiago behar izan zituen. ‘La valse des morts’ eta ‘Rue des cascades’ izan ziren bere lehen lanak. Hasieran oharkabean pasa ziren haren abestiak, 1988an ‘La Vie revee des anges’ filmaren soinu bandan agertu ziren arte. Urte hartan ‘Le phare’ diskoa argitaratu eta publiko frantsesa konkistatu zuen.
Hainbat artistekin lan egin du Yann Tiersenek. Shannon Wright, Jane Birkin, Miossec, Bertrand Cantat edo Liz Fraserrekin, besteren artean. Kolaborazio horien ondorioz izan du hainbat musika abenturatan parte hartzeko aukera. ‘Goodbye Lenin’ filmaren soinu banda edota ‘Black Session’ diskoa, esaterako.
Vintage elektronika soinuek indarra hartu omen dute azken diskoan. Hilkortasuna du hizpide ‘Dust Lane’ lanak. Grabatu bitartean Tiersenen ama eta haren lagun min bat galdu zituen. Musikak, jakina haien heriotzak eragindako sentimendu saminak gorde ditu. Halere, bizipoza eta bizitzari eskainitako melodiak direla adierazi du egileak.