Antton Zabala: "Ehuneko ehuna ematea eta ezusteak ekiditea da lehen helburua"
Espainiako Kopako lehen proba jokatuko dute asteburuan; Fortunako bost kide Euskal Herriko selekzioarekin lehiatuko dira.
Antiguako Pio Baroja kiroldegian, 50 eskalatzaile gazte inguru bildu ziren apirilaren 16an. Izan ere, Euskal Herriko Mendi Federazioak deia egin zuen selekziorako kideak hautatzeko. Guztira, hamar lagunek osatuko dute selekzioa, eta horietatik bost Fortunako kideak dira: Antton Zabala, Omar Ben Ali, Beñat Murua, Iker Elosegi eta Anartz Barandiaran (azken biak donostiarrak). Antton Zabala (Hernani, 1988) Fortunako entrenatzailea da eta Irutxuloko Hitzarekin hitz egin du.
Nolakoa izan zen Pio Barojan egindako hautaketa?
Federazioak Euskal Herriko gazte guztientzako deia egin zuen, zein maila zegoen ikusteko; horrela, teknifikazio zentroa eta selekzioa osatzeko. Sei urtetakoetatik hasi eta 20 urtetik beherako kategoria arteko gazteak egon ginen. Bizpahiru orduko proba izan zen eta aurkeztutakoek teknikoek esandako bide batzuk eskalatu zituzten.
Fortunako bost kide egongo zarete selekzioan. Halako arrakasta espero zenuten?
Urte hasieratik gogor entrenatu dugu; oso gustura gaude emaitzarekin. Batzuk aukeratzea espero genuen, aurreko urteren batean ere hautatuak izan direlako. Hala ere, bederatzik osatzen dugu Fortunako taldea eta bost aukeratu gaituzte; hori ez genuen espero.
Zu aurretik selekzioko kide izan zara?
Duela zazpi urte hasi nintzen Fortunan, eta selekzioan nagoen bosgarren urtea da. Aurreko urtetan, behintzat, lan ona egin dut.
Helbururen bat jarri diezu taldekideei?
Gure ideia, gehienbat, bakoitza bere buruarekin gustura geratzea da. Txapelketan, zehazki, ez dituzu aurkariak. Bide bat ematen dizute eskalatzeko eta hori osatzea da zure lana. Emaitza guztiak batuta sailkapena osatzen da. Hala ere, ehuneko ehuna ematea eta ezusteak ekiditea da gure lehen helburua.
Selekzioarekin Espainiako Kopan eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izango duzue.
Kopako lehenengo jardunaldia asteburu honetan bertan jokatuko dugu, Asturiasen. Larunbatean ni lehiatuko naiz seniorrekin eta, gainontzekoak, igandean. Datorren asteburuan, berriz, maiatzak 14-15, Leonen izango dugu proba. Azken jardunaldia maiatzaren 28ko asteburuan izango da, Bartzelonan. Gero, Espainiako Txapelketa ekainaren 18-19ko asteburuan jokatuko dugu, Gijonen. Beraz, orain hilabete gogorra datorkigu.
Orain entrenamendu berezituak egingo dituzue?
Urte hasieratik entrenamendu gogorrak egin ditugu, bereziki, txapelketa horiei begira. Hala, txapelketa horiek bukatzean, sasoian jarraitu nahi dugu, arroketan ere eskalatzeko. Guztiek ere lan gogorra egin dugu honaino iristeko. Selekzioan ez dago guztientzako tokia, baina kanpoan geratu diren gure taldeko beste lau kideekin ere oso harro nago. Oso entrenamendu onak egin dituzte eta sasoi betean daude. Guztien kirol gogokoena eskalada da eta beraiekin batera honetan ibiltzea ohore bat da niretzat.
Emakumerik ez daukazue taldean.
Nik ikusi dudanagatik emakumeek badute eskalatzeko afizioa. Hala ere, talde batean seriotasunez sartzea zaila da. Txapelketetan ere emakume gutxi ikusten ditut. Guri gustatuko litzaiguke taldean emakumeak egotea.