Hogei urte bete ditu Poltsiko Antzerkiak
Hilaren 5a eta 22a bitartean formatu txikiko lanak izango dira ikusgai hainbat taberna eta gunetan
Istorio bat kontatzeko beharra duen pertsona bat, espazio bat, eta publikoa. Osagai hauek dira antzerkiaren funtsa, eta hiru horiek bat egingo dute Poltsiko Antzerkian, bihar eta maiatzaren 22a bitartean. Aurten, gainera, jaialdiak urtemuga ospatuko du. Hogei urte eman ditu antzerkia ohiko eszenatokietatik haratago zabaltzen. Antzerkiaren esentzia jasotzen duten formatu txikiko hogeita bi emanaldi izango dira ikusgai.
Umorea, magia edota musika ekarriko dute hiriko espaziotara. Altxerri, Atabal, Bukowski, Doka, Garai, La Taberna, Talai, Via Fora, Nido edota Muro tabernatara ez ezik, Añorgako Antxon Aiestaran kultur gunera eta Martuteneko Etxarrienera ere iritsiko da antzerkia.
Euskarazko bi obra izango dira egitarauan. Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak ‘Xentimorik gabe‘ ikuskizuna aurkeztuko dute. Ray eta Nick musikarien larruan sartuko dira bi euskal aktoreak. Virginia Imazen Oihulari Klown taldeak, berriz, ‘Ezineman‘ obra eskainiko du. Bizitzak jartzen dizkien oztopoak gainditzeko umorea eta musika erabiliko dituzte.
Berritasun gisa, Donostia Kulturak euskarazko antzerki proiektuen deialdia abian jarri du: «Formatu txikiko antzerkian euskarazko lan gutxi aurkitu ditugu, eta programatzaileek arazoak izan ohi dituzte hauek lortzeko. Horregatik erabaki dugu euskarazko sorkuntza bultzatzea», azaldu du Denis Itxaso kultura zinegotziak. Hautagaiek ekainaren 30a arte aurkeztu ahal izango dituzte euren proiektuak. Deialdi honen helburua bakarra, ordea, ez da euskarazko lanak diruz laguntzea. Aukeratutako proiektua ekoizteaz gain, Euskararen Egunaren harira antolatutako programan hiru emanaldi prestatuko dituzte. Deialdian parte hartzeko oinarriak eta baldintzak Donostiakultura.com atarian ikus daitezke.
Beste hainbat gonbidatu izango ditu Poltsiko Antzerkiak. Pedro Reyes umoregileak gaur egungo gizartearen balioen parodia egingo du ‘Humor entre barras’ obran. Javier Merino donostiarrak «bere sabela» erakutsiko du ‘Dialogos con mi barriga’ piezan. Kupela, tripa, abdomena… edo zoriontasunaren biribiltasuna. Bere tailako arropa aurkitzeko edota autobuseko eserlekuetan lekua ahartu ahal izateko bizitzen dituen komeriak kontatuko ditu. Detritus Teatrusek ‘Las punkis tambien lloran’ ikuskizuna ekarriko du: «Harrera bikaina izan du obrak, eta hirira ekarri nahi genuen», adierazi du Norka Chiapusok, Donostia Kulturako antzerki programazioaren arduradunak. Latiri taldeak ‘Piskolabis’ lana interpretatuko du. Protagonistak bere auto psikoanalisia egingo du, bakarrizketa moduan.